SNA Europeko langileak protestan Gipuzkoako lan-hitzarmenera lotu nahi dutelako

Egoitz Unamuno 2024ko ots. 23a, 12:17

Langileen pankartak lantegiaren aurrean.

SNA Europe lantegiko langileek protesta kanpaina abiatu dute enpresari Gipuzkoako metaleko lan-hitzarmena sina dezan eskatzeko. Langileen esanetan, 14 hilabete pasatu dira enpresarekin negoziazioak hasi zituztenetik eta ordutik soldatak izoztuak dituzte.

Duela bi aste, SNA Europe enpresako langileek protesta kanpaina abiatu zuten eta fabrikaren inguruan hiru pankarta ezarri dituzte euren aldarrikapenen berri publikoki emateko. Langileen ordezkariek honela azaldu dute zer den enpresari eskatzen diotena: “Nahi duguna da Gipuzkoako hitzarmenera lotzea, momentu honetan hitzarmen horretatik desbinkulatuta gaudelako. Oinarrian, horixe da negoziatu nahi duguna. Ez da eskari handia baina enpresaren aurrean nahikoa babesgabe gaude, enpresako hitzarmenarekin nahi dutena egiten dutelako, nahieran. Horixe da gure borroka”. Horrekin batera, enpresaren eskatzen diote "baldintzak betetzen dituzten langileei errelebo-kontratuak ezartzea". “Orain arte enpresak esan diguna da eurak nahi duten hitzarmena sinatu ezean ez dela inorentzako errelebo kontraturik izango”, adierazi dute. 

Langileen esanetan, 14 hilabete daramatzate enpresarekin negoziazioatzen eta denbora horretan soldatak izoztuak izan dituzte. Langileak enpresaren erreakzioaren zain daude eta datozen egunetan halakorik jaso ezean, protesta ekimen gehiago egiteko asmoa adierazi dute.

SNA Europe Snapon multinazional amerikarraren filiala da (lehenago Irazola zena) eta Soraluzeko lantegian 52 pertsonak lan egiten dute. Batez ere, destornilladoreak egiten dituzte eta baita allen giltzak ere. Plaentxia.eus ahalegindu da enpresaren zuzendaritzaren iritzia jasotzen baina orain arte ez du lortu.