Atzo, eguena, Soraluzeko Institutuko patioan gaikako hondakin bilketaren gaineko saioa egin zuten, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateko adituen eskutik. Hain justu, edukiontzi grisaren karakterizazioa egin zuten edukiontzi grisean botatzen diren hondakinak aztertzeko.
Herriko ekonomian eragina
Mankomunitateko datuek erakusten dutenez, normalean gaizki sailkatutako hondakinak agertzen dira eta hori erakusteaz aparte, gaizki birziklatutako hondakinek herriko zaborren tasan duten eragina aztertu eta hondakin horiek behar bezala sailkatuz gero aurreztuko litzatekeenaren berri eman zieten gazteei.
Gaikako bilketa areagotzeko helburuarekin egin zuten ariketa hori Institutuan, horrek ingurumenean, gizartean eta ekonomian dituen onurei buruzko kontzientzia sortzeko, Mankomunitatearen esanetan.
Soraluzeko Institutuan bezala, Debabarreneko beste zazpi ikastetxetan ere egingo dituzte halako saioak datozen egunotan, Eibarko La Salle Azitainen, Elgoibarko Ikastolan, Mendata BHIn, Goizeko Izarran, Mutriku BHIn, Elgoibarko BHIn eta Ermuako San Pelayo ikastetxeetan, hain justu.