Asteleheneko elkarretaratzean esan zutenez, BGAEek “langileen arteko desberdintasuna” sortzeaz aparte, “Gizarte Segurantza publiko eta kaudimenduna izatearen garrantzia ahultzen dute, guztiontzako pentsio publiko eta duinak bermatzeko; eta, gainera, gizarte osoak egiten duen ekarpenetik kendutako laguntza fiskalekin , guztiontzako kalitatezko zerbitzu publikoak murrizten dira”.
Jakinarazi zuten lehentasunezko BGAEak, oraingoz, hiru direla hiru lurraldeetan: Lagun Aro, Elkarkidetza (funtzionarioena) eta Geroa gipuzkoarra. Azken horri dagokionez, esan zuten Geroaren ereduari jarraituz, “Bizkaiko CEBEK patronalak negoziazio kolektiboaren bidezBorondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak sustatu” nahi dituela Bizkaian 140.000 langilerentzat, “eta horiek erakunde bat osa” lezaketela “Geroari inbertsioak kudeatzeko zerbitzuak kontratatzeko. CEBEKek eta enpresek kenkari fiskalak eskatu dituzte PFEZn Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan eta sozietateen gaineko zergan”.
Zerga gehienak norbanakoenak
Gai horrez aparte, beste bat ere hizpide izan zuten aste honetako protestan, aurtengo zerga bilketa. Emandako datuen arabera, Gipuzkoan %6,3 handitu da, 1.081 milioi euro gehiago batu dituzte zergetan.
Gogora ekarri zutenez, “bilketaren zatirik handiena Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) (7.085 milioi euro) eta Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) (6.930 milioi euro) dira. Hala ere, Sozietateen gaineko Zergaren bidez bildutako dirua 1.630 milioi eurora mugatzen da, nahiz eta enpresen irabaziak nabarmen handitu diren”.
Eta salatu zuten hori horrela izanda ere, “Aldundien eta Gasteizko Gobernuaren mendeko Ogasunek uko egiten” diotela “gehien dutenek gehiago ordaintzeko zerga-erreforma bat egiteari, gastu sozial edo inbertsio gehiagoko aurrekontuak ahalbidetuz, adibidez 1.080€ko gutxieneko pentsioen osagarriari dagokiona”.