Bihar aurkeztuko dute ‘Matx’ kirol-aplikazioa

Erredakzioa 2024ko ots. 20a, 12:00

Urteetako lan gogorraren ostean, iritsi da Matx kirol-proiektua jendaurrean aurkezteko eguna. Bihar arratsaldean egingo dute ekitaldia, Donostian. Plaentxia.eus-ek proiektuan parte hartuko du eta ondorioz, Soraluzeko kirolarien gaineko informazioa ere jarraitu ahal  izango da aplikazioan. 

Matx kirol-aplikazio bat izango da. Kirola dinamizatuko du, gertukoa balioan jarriz, eduki freskoa eskainiz eta kirolzaleen, kirolarien eta kluben arteko harremanak erraztuz. Ikus-entzunezko edukiak, emaitzak, sailkapenak eta klubentzako digitalizaziorako erreminta ere izango da. 
Tokikom sareak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak elkarlanean pentsatu eta landu dute egitasmoa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin. Arduradunen esanetan, «gertuko kirol komunitate berri bat»sortzeko intentzioarekin garatu den «proiektu estrategikoa» da Matx. 
 
Tabakalerako Z aretoan egingo da agerraldia 18:30etan eta proiektuko kideekin batera, bertan izango dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza politikako sailburuordea Miren Dobaran eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Eider Mendoza diputatu nagusia. Federazioetako eta klubetako ordezkariak, kirolariak eta babesleak ere gonbidatu dituzte Matx-en aurkezpen-ekitaldira. 
 
Plaentxia.eus-ek proiektuan parte hartuko du eta Matxen bitartez, besteak beste, herriko kirolarien gaineko informazioa zabalduko du modu berritzailean. Duela aste batzuetatik, martxan da Matxen proba pilotua Instagramen eta dagoeneko Plaentxia.eus-ek publikatu ditu herriko hainbat kirolariren gaineko edukiak.