Zapatuan, 14, 15, 16 eta 18 urtez azpiko neska errugbilarien topagune izango da Soraluze, SoraGazteak Rugby Klubaren eskutik. Abenduan mutil gazteekin egin zuten moduan, Ezoziko Futbol Zelaian egingo dituzte entrenamendu saioak emakume gazteek.
10:00etan hasita, lehen orduan gazteenek entrenatuko dute, 10:00-11:30era 14 eta 15 urtez azpikoen txanda izango baita eta segidan, 11:30etik 13:00ak bitartean 16 eta 18 urtez azpikoak arituko dira.
Material berria eta gurasoendako jolasa
SoraGazteak Rugby Klubeko Enekoitz Igartuak esandakoaren arabera, material berria estreinatuko dute zapatuko saioan, tamaina handiagoko baloiak, petoak eta “Udalari esker, atzeak bere tokira eraman” eta horren bitartez, 14 eta 16 urtez azpikoek partidak jokatzeko aukera izango dute.
Noski, hirugarren denbora ere izango dute neskek eta berrikuntza modura, Ezoziko futbol zelaira bertaratuko diren gurasoei keinua eginez, punterian oinarritutako jolasa proposatuko diete, zain dauden bitartean entretenituta egon daitezen.
Gipuzkoako selekzioarendako aukera
Aurtengo denboraldia lehen aldia da Soraluzeko zelaia Gipuzkoako selekzioaren saioak egiteko erabiltzen dutela. Abenduko mutil gazteen saioarekin “super pozik” geratu ziren SoraRugby Klubekoak; esandakoaren arabera, askok ez zuten Soraluze ezagutzen eta oso gustura joan ziren hemendik; gainera, bertako klubekoak indarberrituta laga zituzten, aurrera segitzeko animo beroak helaraziz. Martxoan egingo dute hurrengo hitzordua, kasu honetan, martxoaren 17an errugbilari gaztetxoak elkartuko dira Ezoziko Futbol Zelaian.
“Errugbia inoiz ez da horren ikusgarri izan Soraluzen eta aurrerantzean, Gipuzkoako selekzioak Soraluzeko zelaiarekin ere konta dezake, nahiko balu”, adierazi du Enekoitz Igartuak.