Eguazteneko osoko bilkuran, 2024ko aurrekontua bozkatzerakoan, abstenitu egin ziren oposizioko EAJ eta PSE-EE alderdiak; ez, ordea, osokoko azken bi puntuetan, alkatearen eta lehen alkateoprdearen ordainsariekin lotutakoetan. Kasu horretan, biek ala biek, kontra bozkatu zuten eta desadostasun irmoa erakutsi zioten gai horrekin lotuta Udal Gobernuak hartutako erabakiarekin.
Unai Larreategi alkateak osokoan esplikatu zuen moduan, EH Bilduk hasieratik esan zuen ez zela aurrekontutik ordura arte gastatu zena baino errekurtso gehiago erabiliko kargu publikoetan. Eta “emandako hitza bete” egin du.
Ordainsarien berrantolaketa
Emandako xehetasunen arabera, batetik, Udalean liberatu bat gehiago izateari esker, 10.000 euroko “gutxipena” izango da dietetan eta hori liberatuetara bideratuko dute. Bestetik, kargu publikoen ordainsarietara bideratutako dirua berrantolatu eta horrela osatu dituzte alkatearen eta alkateordearen ordainsariak; hain justu, Udaleko batzordeetako Batzordeburuek zein batzordeko-kideek kopuru berbera kobratuko dute aurrerantzean, 100 euro; orain arte, Batzordeburuek 150 euro kobratzen zuten eta gainerakoek 100 euro.
PSE-EE: "Adostasuna zuek apurtu duzue"
Patricia Borinaga sozialistak, besteak beste, halaxe azaldu zuen bere desadostasuna: “Guk ez dugu arazorik Udalean bi pertsona egotearekin dedikazioarekin, hemen dugun arazoa da aurrekontuetan zelan konpentsatu den diru gehikuntza hori. Hiru alderdien artean genuen adostasuna apurtuta lortu da hori; hiruren artean erabaki ziren batzordeetara, osokoetara… joatearren eman beharreko asignazioak. Hiru alderdien arteko akordioa izan zen eta ez zen erraza izan adostasun hori lortzea eta bat-batean atzera botatzen da adostasun hori lortu zuten hiru alderdietako biren iritzia kontuan hartu barik. Nire ustez, akordioak hiru alderdien artean hartzen direnean, akordio hori atzera bota behar bada, hori ere hiruren artean adostu edo sikiera hiruren iritziak baloratuta hartu beharko litzateke erabakia, eta ez da horrela izan (…) Erabakia zuen interesen arabera hartu duzue, lau urte barru gerta litekeenarekin pentsatu barik. Adostasuna zuek apurtu duzue”.
EAJ-PNV: "Orduko adostasuna aldebakarrez apurtu duzue"
Iker Aldazabal jeltzaleak bat egin zuen ordezkari sozialistaren irakurketarekin: “2015etik 2019ra bitartean hartu zen akordioa, hiruren artekoa; zelan ibili ginen akordioa hartzeko? Gora, behera (…) Orduko adostasuna zuen erabakiz, aldebakarrez apurtu duzue eta gaur bozkatzera planteatzen duzue; bada zer egingo dugu guk? Kontra botatu. Baina ez atzean dagoen espirituarengatik, liberazioena kritikatzearren, ez, akordio bat apurtu duzuelako baizik. Eta beste gauza bat: batzordeburuek lanketa egin behar dute batzordeak prestatzen eta asignazio hori 150etik 100era jaistea gero goi karguetara bideratzeko ez dugu ikusten. Eta lau urte barru hemen aldaketa baldin badago, zer? Puntu honen kontra bozkatuko dugu kontsentsua aldebakarrez apurtu duelako EH Bilduk (…) Hemen adostasunak/kontsentsua lortzea asko kostatzen da, apurtzea da errazena; espero dut hau dinamika hau lehena eta azkena izatea legealdi honetan”.
Unai Larreategi alkateak, berriz, besteak beste, honako azalpena eman zuen: “Orduan ere, aldaketak adostu zirenean, zeuek planteatutakoak izan ziren; ordura arte gentozen talde politiko gisa kobratzen eta zuek dietetara pasatzera eskatu zenuten, nahiago zenutelako dietak maila pertsonalean kobratzea eta ez maila politikoan. Guk esan genuen nahasmena zela, dietak egiturara pasatzen baikenituen. Orduan ere komentatu genuen ez geundela ados Batzordeburuek batzordekideek baino gehiago kobratzea. Gainera, hasieran onartu zena baino kopuru handiagoa zuten buruek eta gero jaitsi egin zenuten ikusita gu kontra geundelako. Orain, berriz, Batzordeburu guztiak EH bildukoak direnez, erabaki duguna izan da buruei ipintzen zaien estra hori kentzea eta batzordeetara asistitzen duten guztiek berdin kobratzea. Akordioa apurtzen den ala ez debatitu ahal dugu; gu kontsekuente gara esaten genuen harekin eta zuena ez dugu ukitu”.
Azkenean, esandako moduan, puntua EH Bilduren botoekin onartu zen, kasu honetan, alkatearen kalitatezko botoa baliatuta, EH Bilduko zinegotzi bat falta baitzen udalbatzarrean. EAJk zein PSE-EEk, berriz, kontra bozkatu zen.
Erabakitakoa, berriz, izan zen alkateak 2024an 35.917 euro gordin kobratuko duela eta alkateordeak, berriz, 29.000 euro gordin.