UDAL GOBERNUAREN ERANTZUNA

Unai Larreategi (Alkatea): "Proiektu berriak etorriko dira, ziklo berri bati hasiera emango diotenak"

Ubane Madera Zangitu 2024ko ots. 8a, 13:17

Unai Larreategi alkateak oposizioko kritikei erantzun zien, batetik, azpimarratuz gastu korrontea igo den arren, garrantzitsua dela sarreren eta gastuen arteko kenketak ematen duen emaitza, ikusteko zein aurrezpen kapazitate geratzen den eta kasu honetan, orain arteko %2tik %6ra handitu dela. Plan estrategiko ezaren kritikari erantzunez, berriz, adierazi zuen EH Bilduren ustez egon badaudela proiektu inportanteak aurrekontuan eta egingo dituzten azterlanetatik ere etorriko direla proiektu berriak, “ziklo berri” bati hasiera emango diotenak.

Gastu korrontearen igoerari dagokionez, alkateak adierazi zuen gastu korrontea igo egin dela, baina  garrantzitsua dela sarreren eta gastuen arteko kenketak ematen duen emaitza begiratzea ikusteko zein aurrezpen kapazitate geratzen den. Larreategik azpimarratu zuen kasu honetan, Udal Gobernuak lortu duela inbertsioetara bideratutako diru sarrerak orain arteko %2tik %6ra handitzea eta iragarri zuen asmoa dela agintaldia bukatzen denean, kopuru hori %10eraino igotzea.

Plan estrategiko ezarekin lotutako kritikei erantzunez, berriz, alkateak azpimarratu zuen EH Bildurentzat egon badaudela proiektu inportanteak jasota aurrekontuan eta egingo diren azterlanetatik etorriko direla proiektu berriak ere, "ziklo berri" bati hasiera emango diotenak. Eta oro har, gaineratu zuen nahiko luketela plan estrategikoa egin baina ez EH Bilduren plan estrategikoa baizik eta herritarrekin batera egindakoa, euren asmoa baita herriarentzat onenak diren gauzak aurrera eramatea eta "hortik eraikiko dugu".

Horrekin batera, prestutasuna erakutsi zuen oposizioarekin batera herriaren alde lanean segitzeko, “bakoitza bere posiziotik baina aurrera” eta eskerrak eman zizkien orain arte erakutsitako jarrerarengatik.