AURREKONTUA ETA INBERTSIO NAGUSIAK

Aurten, 405.510 euro izango dira inbertsioetarako

Ubane Madera Zangitu 2024ko ots. 8a, 10:58

Unai Larreategi alkatea aurrekontuaren gaineko xehetasunak ematen, atzo, eguaztena.

8.250.534 euroko aurrekontua izango du Soraluzeko Udalak 2024an. Baina kopuru hori matizatu egin behar da izan ere, 2.673.745 euro Ezozibideko obretan parte hartzen ari diren bost bizilagun-komunitateei bideratuko zaizkie. Gauzak horrela, Udalaren aurrekontu erreala 5.576.789 eurotakoa izango da, iazkoa baino %12 handiagoa. Hortik, 405.510 euro (%6) inbertsioetara bideratuko dira eta inbertsioetako partida nagusien artean, aipagarriak dira hiru: Plaza Zaharra ibaiarekin lotzeko proiektua, padel pista estaltzea edo etxebizitzen gaineko azterketa. Aurrekontu proposamena Udal Gobernuaren aldeko botoekin eta oposizioaren abstentzioarekin onartu zen. 

Atzoko osoko bilkuran, Unai Larreategi alkateak azaldu zuen Udal Gobernuaren 2024rako aurrekontu proposamena. Esplikatu zuen aurrekontu erreala 5.576.789 eurokoa dela, iazkoa baino (4.976.000 euro) %12 handiagoa. 

Inbertsio gehiago aurrezkia handitzeari esker

Alkateak azaldu zuen diru-sarreren igoera batez ere “fondo-foralaren igoeratik datorrela eta hainbat proiektutarako lortu asmo diren bestelako dirulaguntza eta tasa eta zergen urteroko igoeratik”. 

Horrekin batera, gaineratu zuen ohiko gastuetan “euste ariketa” egiten ahalegindu direla:  pertsonal gastuak %2,5 igoko dira, gastu arruntak %2, dirulaguntzen kapitulua antzera geratu da eta mailegu berririk ez dute eskatuko. 

Alkateak nabarmendu zuenez, neurrioi esker Udalak aurrezki garbia handitzea lortu du eta hori dela eta, aurten 405.510 euro izango ditu inbertsioetarako. Kopuru hori iazkoarekin alderatu zuen, azpimarratuz iaz inbertsioetarako 125.500 euro izan zirela, diru-sarreren %2 eta aurten, berriz, %6 bideratuko dela inbertsioetara horretara. 

Inbertsio nagusiak

Segidan, inbertsio nagusiak xehatu zituen Larreategik: 

  • Plaza Zaharra-ibaia lotzeko proiektua, Kalebarren 24ko eraikina (Txoko eta Batzokiaren arteko etxe berdea) eraisteko 46.548€. Aurreikusi dutenez, guztira, 200.000€ beharko dira proiektu osoa garatzeko. Obrak udazkenean edo urte amaiera aldera hasiko dira.
  • Kiroldegiko padel-a estaltzeko 20.000€. Aukera ezberdinak aztertzen ari dira baina diru gehiago beharko da horretarako ere eta aukera desberdinak ari dira aztertzen.
  • Espazio publikoen erabilerak egokitzeko 20.000€. Batik bat, ur-txorroen gunea osatzeko.
  • Hiri-altzariak berrizteko 30.000€. Horietatik 15.000€ erdigunetik aparte geratzen diren auzoetarako izango dira eta 15.000 euro erdigunerako.
  • Kiroldegiko frontoia margotzeko 10.000€. Eta herriko kirol taldeen beharrak asetzeko beste 10.000€.
  • 0-4 urtekoentzat gunea atontzeko eta nerabeen gune komunitariorako 11.000€. Haur parkeak berrizteko 5.000€.
  • Hilerrian errautsentzat kolunbarioa ezartzeko 9.000€. Herritarren eskariak izan dira.
  • Herritarrekin komunikazioa hobetzeko 14.000€. Mugikorretarako aplikazioa, sortu nahi dute, herritarrek hura baliatzeko zuzenean eskaerak egin eta erantzunak bertatik jasotzeko.
  • Hirigintza eta energia azterlenaterako 65.000€. Europar funtsetara eta bestelako dirulaguntzetara aurkezteko proiektuak aztertu nahi dituzte. Aztertuko dira: futbol zelaiko aldagela-taberna berriztea. Irisgarritasunari lotuta musika eskolan igogailua ezartzea, Gabolatseko aldapatik Gabolats -gainera igogailua ipintzea eta Plaza Zaharra handitzea aztertzea Erregetxe azpirantz -arkitektoaren proposamena da-. Energiari lotuta kiroldegiko igerilekuari sakonera kentzea aztertuko da eta kale argiterian hobekuntzak egiteko aukera ere aztertuko da, batik bat, teknologia berriak baliatzeko aukera.
  • Etxebizitza diagnostikorako 18.114€. Etxebizitzen egoera zein herritarren premiak aztertuko dira. Diagnostikoaren ondoren, Udal Gobernuaren asmoa da etxejabeekin zein etxe-bila dabiltzanekin lanketa egitea, diagnostikoa lan-tresna modura erabiltzea, alegia.
  • Baso politikan, lurrak erosteko 10.000€ bideratuko dira eta beste 1.000 euro basojabeen Tantai kooperatiban bazkidetzeko -hurrengo plenoan landuko da gaia-.
  • Kultura arloan artelanak erosteko fondoa sortuko da 6.000€rekin, ondarearen berreskurapenerako 3.000€ eta herriko erraldoiak sortzeko prozesua hasteko 1.000€ jarri dira.
  • Bestelako lanetarako 1.000 euroko partidak zabaldu dituzte, jakinda gehiago bideratu beharko dela aurrerago: irisgarritasun lanak, asfaltatze lanak, Debabarrenako ponentziatik etor daitezkeen laguntzak, espresio artistiko bidez gune degradatuetan jardutea eta segurtasun sistemak ezartzea.

Neurri sozialak

Inbertsioetatik aparte, beste lau egitasmo nabarmendu zituen Unai Larreategik:

  • Familietan esku-hartzeko lana indartzeko eta kale hezitzaileen proiektua martxan jartzeko. Horretako partida 30.000€tik 100.000€tara igo da.
  • Hezkuntza arloan, esperientzia eskolari ekingo zaio. 5000€
  • Gazte-kontratazioetarako Jaurlaritzaren laguntzetara aurkezteko asmoa dute eta horretarako 25.000€ partida izendatu dugu. Horren baitan, Hezkuntza, Ingurumena, Etxebizitza, Garapen Ekonomikoa… indartu nahi dituzte.
  • Kontsumitzaile bulegoa sortuko da uztailetik aurrera, horretarako 5.000€tako diru-partida sortu dugu. Hasieran, astean birritan funtzionatuko du.

Aparteko lau proiektu esanguratsu

Azkenik, alkateak gogora ekarri zuen aurrekontuetatik aparte badoaz ere (kanpo finantziazio bidez egingo dira), aurten hirigintza-lan garrantzitsuak hasiko direla herrian:

  • Gabolatseko zubi berria eraikitzen irailean hasiko dira.
  • Haren ostean etorriko da Ezozibideko urbanizazioa.
  • Pascual Churrucako etxebizitza sozialen proiektua egikaritzen joango da.
  • Iaz eraikitzeko laga zuten Plaentxi Eskolako igogailu panoramikoa aurten hasiko dira eraikitzen.