Oreka Art Gallery

Ikusmin handia piztu du Xabier Agirreren 'Paisaiak' erakusketak

Egoitz Unamuno 2024ko ots. 7a, 10:42

Joan zen barikuan, Xabier Agirre margolari bergararraren 'Paisaiak' erakusketa inauguratu zuten Oreka Art galerian. Erakusketak ikusmin handia sortu zuen eta aretoa leporaino bete zen. 

Ibaiak, mendiak, baserriak eta, oro har, Euskal Herriko, Aragoiko, Gaztelako, Andaluziako eta Okzitaniako hainbat paisaia natural ageri dira Xabier Agirrek (Bergara, 1955) Paisaiak erakusketan ikusgai jarri dituen dozenaka margolanetan. Denak dira olioz margotuak baina tamaina oso ezberdinetakoak: badira folio erdi baten neurrikoak eta baita bi metro arteko neurria duten koadro ikusgarriak ere.

"Paisaiaren arnasa"

Agirrek "Paisaiaren arnasa" du bere obraren lehengai: "Gaia aukeratzeko, zerbait berezia hauteman behar izaten dut tokian, bai formen aldetik, bai zentzumenetan eragin didaten pertzepzioren bategatik. Batzuetan, bisitatutako beste leku batzuetako oroitzapen poetikoak etortzen zaizkit burura, burmuinean geratzen den paisaiaren arnasa, esaterako. Ideia lainotsu hori kanpoko erreferentziekin topa daiteke joan-etorriko mugimendu batean, eta zuzeneko pintura saio baten lehen zertzeladetan zehaztu. Batzuetan zuzenean margotzen dut amaieraraino, eta beste batzuetan, berriz, obra estudioan bukatzen dut, lekuan hartutako argazkiei esker".  

Margolanen artean batzuk errealistak dira eta beste batzuk ez horrenbeste, nahiz beti indentifikatzen den jatorrizko ikuspegia: "Kasu batzuetan, naturaren isla fidela sortuko da; beste batzuetan, berriz, espazio piktoriko berria eraikitzerakoan erreferentzia zehatzetatik aldentzea erabakitzen dut, elkarrizketa kromatikoa hain errealista ez izanik, baina adierazkortasuna gailenduz". 

Hilabete osoan ikusgai

Inaugurazio ekitaldian berrogeita hamar pertsona baino gehiago batu ziren, tartean, herriko eta inguruko herrietako artistak eta lagunak. Aurrerantzean, Paisaiak  erakusketa otsailaren 28ra arte egongo da ikusgai Gabolatseko Oreka Art galerian. Astelehenetik ostiralera 19:00etatik 20:00etara.