Elkarretaratzean emandako datuen arabera, 2023an, aurreko urtean baino 1.082 milioi euro gehiago batu zituzten zerga bitartez. Gogora ekarri zuten Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergaren bidezko sarrera ez dela soilik “biltzen den partidarik handiena, baizik eta gehien hazi dena da, 2022koarekin alderatuta %10”. Ildo beretik, gaineratu zuten “langileak, pentsiodunok eta herri-sektoreak” direla “PFEZaren eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZ) bidez, ogasunei diru-sarrera gehienak” ordaintzen dizkietenak eta, ondorioz, “aurrekontu publikoen funtsezko euskarria” direla.
Sarreren zati bat pentsioak osatzeko
Horregatik uste dute “diru-sarrera horiekin eta erakundeen artean egiten den banaketarekin, “herritar gehienentzako zerbitzu eta laguntza publikoek lehentasunezko lekua” izan beharko luketela, baina gaineratu dute ez dirudiela “hori denik interesa, batez ere, Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Azken horrek diru-sarrera guztien % 70 ditu, eta posible da diru-sarrera horien zati txiki bat gutxieneko pentsioak 1.080 euro arte osatzeko erabiltzea”.
Zigorrak 40 urtetik gorako kotizazioei
Bestalde, 40 urte baino gehiagoan kotizatutako erretiro aurreratuei ezartzen zaizkien zigorrak “justifikatu-gabeak” direla uste dute. “Erretiro aurreratu horietako gehienak berregituraketengatik, enpresen itxierengatik eta abarrengatik” erretiratu behar izan direla esplikatu dute, gaineratuz horietako batzuek 20 urte baino gehiago daramatela erretiratuta, eta beren pentsioetan
%30eko edo gehiagoko penalizazioak jasaten ari direla lanetik alde egin behar izan zutenetik hil arte, nahiz eta Gizarte Segurantzan 40 urte edo gehiago kotizatu.
Hori horrela, Pentsiodunen Mugimenduak esan duenez, “40 urtez lanean eta kotizatzen egon den edozein langilek % 100arekin erretiroa hartzeko eskubidea izan beharko luke. Horregatik, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ASJUBI/40 elkartearen eskaerak bere egiten eta defendatzen ditu”.