Nondik nora

Rocio Garcia: "Beti dago zerbait Soraluzen, oso txikia izango da, baina gauza oso onak ditu"

Ubane Madera Zangitu 2024ko ots. 3a, 09:01

Rocio Garcia Plaza Zaharrean, herriko lekurik gustukoenean.

Rocio Garcia, (Monforte, 1974) Galizian jaio arren, Asturiasen bizi izan da Soraluzera etorri zen arte, orain dela 17 urte. "Aitak (Ismael, asturiarra) ama (Marian, eibartarra) Eibarren ezagutu zuen, Debara lanera etorrita zegoela. Hiru urtean hemen ibili ziren eta ezkondu ondoren, Galiziara joan eta han jaio nintzen; anaia, berriz, Extremaduran jaio zen. Handik Asturiasera joan ginen (nik 5 urte nituen eta anaiak 3) eta han gelditu ginen bizitzen, Mieresen". 

Asko akordatzen zara Asturiasekin?

Lagun oso onak ditut han, gurasoak ere bai. Sarri joaten naiz. Umea nintzela, osaba-izebak ikustera etortzeko bost ordu behar genituen, orain, berriz, 3,5 orduan amarekin egon naiteke kafea hartzen. Nik Soraluzeko etxea daukat gurasoek erosi zutelako. Erretiratzen zirenean, gurasoek Soraluzera etorri nahi zuten bizitzera.

Soraluzera bizitzera, zergatik?

Aita gazte zela Soraluzen ibiltzen zen, esaten zuen hau zela anbienterik onena zuen Gipuzkoako herria. Benetan gustuko zuen. Aitak jende guztia ezagutzen du 
Soraluzen.  

Zeu ere hona etorri zinen; aitaren eragina izan zen hori?

Lehenagotik zetorren. Amak familia duenez Eibarren, sarri etortzen nintzen, jaietan-eta. 14 urterekin, gehien gustatzen zitzaidan berba zen gaupasa, kalera. Bene-benetan. Ni Asturiasen ez nintzen irteten eta hemen, berriz, 14-15 urterekin lagatzen zieten gaupasa egiten, zezenak ikusi, txurroak txokolatearekin jan, etxera joan eta berriro kalera. Osaba-izebak ikustera etorri nintzen batean hemen geratu nintzen, maitasunarengatik, gurasoek erosi zuten etxean. 

Gurasoak etortzen dira?

Bai, etortzen dira. Biak erretiratuta daudenez, autokarabana bat erosi dute, joaten dira Malagara han bizi den anaia ikustera, gero Portugalera…. Hona, berriz, Aste Santuan, Gabonetan… etortzen dira, eta, ekainean, uztailean eta abuztuan nire bi semeak eramaten dituzte. 

Zer da handik gehien faltan igartzen duzuna?

Lagunak eta gurasoak. Besterik ez. Hango eta hemengo eguraldia eta jendea oso antzekoak dira.

Soraluzeri zer gehituko zenioke?

Faltan igartzen nuen kiroldegian tarifa laua izatea eta orain hori ere badago. Euskaltegira joaten naiz, arte galeria ere badugu eta oso gustuko dut, Oreka Art… Denetik dago, umeek oso gustuko dituzten jarduera mordoa, hockeya, boxeoa... Bestalde, ez dut arropa asko erosten, beraz, nahikoa dut oso noizean behin erostera kanpora joatearekin. Eibarko lagunek sarri esaten dute gauza mordoa ditugula. Beti dago zerbait Soraluzen, oso txikia izango da, baina gauza oso onak ditu. 

Zer kenduko zenioke?

Hezetasuna. Eguzkia segituan ezkutatzen da. Eta ez dut batere gustuko Erregetxean aparkalekuak izatea, herriaren erdigunean. Aparkalekuen erdiak pribatuak dirudite inguruko bizilagunendako eta, gainerakoak ere beste leku batean ipiniko nituzke, erdigunetik atera. 

Gustuko duzu Soraluze.

Bai. Dena gustatzen zait. Horrenbeste aukera eta jarduera izatearekin oso pozik nago. Bestalde, arreta handia eman zidan Soraluzen jende guztiak agurtzea, berba egitea, norberarengatik interesa erakustea… Oñatin hasi nintzen lanean eta han, jendea itxiagoa zen, asko kostatu zitzaidan harremanak egitea. Gero ondo, baina hasieran…

Bueltatuko zinateke Asturiasera bizitzera?

Orain ya ez. Bikotearekin banandu eta umeak txiki zirenean, ia-ia joan nintzen. Hemen bakarrik nengoen, han familia, lagunak eta lanerako aukera nuen. Baina ez nintzen joan umeek aitarekin egoteko eskubidea ere badutelako. Orain, berriz, ya ez nintzateke joango, oso gustura nago hemen. Familia bezalakoa den kuadrila daukat eta hemen geratzeko arrazoietako bat da hori; horrez gain, kostata, baina azkenean lana herrian bertan lortu dut. Jende jatorra dago hemen.