1.080 euroko gutxieneko pentsioa gertuago

Ubane Madera Zangitu 2024ko urt. 30a, 13:02

Atzo, pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzean, pozik eta harro jakinarazi zuten Pentsiodunen Mugimenduaren “aldarrikapen esanguratsuenetako batek bidea irekita” duela, “EAEko eta Nafarroako gobernuek 1080 euroko gutxieneko pentsioa 14 ordainsaritan osatzeak”, alegia. “Nafarroako akordioa eta haren aplikazioa ezagutzeko zain, aurrerapausoa iruditzen zaigu”, azpimarratu zuten. 

Atzoko elkarretaratzean azpimarratu zutenez, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa EAEko eta Nafarroako Gobernuak osatzea “Nafarroako Gobernuaren eta EHBilduko talde parlamentarioaren arteko akordioen parte da”, eta Euskal Herriko udal askotan aurkezten ari diren “mozioen aldeko harrera ere zabala izaten ari da, Gipuzkoako Batzar Nagusiena barne”. 

Jakinarazi zuten aldarrikapen hori Nafarroako Gobernuaren lan agendan sartu dela eta eta haren helburua PFEZren Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kenkariaren bidez, osagarria 2025ean gauzatu dadin beharrezkoak diren arau aldaketak aztertzea dela.

Nafarroan bai, zergatik ez EAEn?

Zentzu horretan, “deitoratzen” dute “EAEn gobernuak ez dituela kontuan hartu EHBilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako aurrekontuei egindako zuzenketak, gutxieneko pentsioak 1.080 eurora osatzeko eskatuz” eta horren arrazoiarengatik galdetzen dute: “Nafarroan posible bada, zergatik ez da hala EAEn?”

Edozein modutan, aurrera segitzeko asmo irmoa erakutsi dute, orain arteko lorpenek “mobilizazioak areagotzeko argudioak ematen” baitizkiete. “Gutxieneko pentsioak 1080 euroan osatzeko eskatzen dugu, bai EAEn, bai Nafarroan ere. Orain!”, aldarrikatu zuten.