Soraboxeko kudeatzaile Ixa Rodriguez oso pozik dago zapatuan Arrasaten egindako boxeo-jaialdiak emandakoarekin. Harmailak “topera” egoteaz aparte, “onena borrokak” izan zirela nabarmendu du soraluzetarrak. Borrokalarien artean izandako parekotasuna eta haiek erakutsitako maila altua azpimarratu ditu Rodriguezek.
Xehetasunetan sartuta, kontatu du bi borrokalditan knockout (KO) bana izan zela, beste hiru ezarritako muga baino lehen bukatu zirela eta nesken borrokaldi bat ere izan zela.
Halaber, eskerrak eman nahi dizkie guztiei, “egunean bertan gurutzatu eta agurtu ez zituenei, borrokalariei, Arrasateko Udalari, ikusleei, tabernei… eta oro har, bidean aurkitu” dituen guztiei.
Goiena Komunikazio Taldea izan zen boxeo-jaialdian. HEMEN KLIKATUTA kronika irakurgai.
Martxoaren 9an, Soraluzen
Soraboxeko arduraduna dagoeneko hasi da hurrengo boxeo-jaialdia prestatzen; Soraluzen izango da, martxoaren 9an. Ixa Rodriguezek esan duenez, M8aren hurrengo eguna izanda, asmoa du emakumezkoen borrokaldi asko ekartzeko herrira, besteak beste, Espainiako txapeldun den Oihana Gravalos izango da bertan.
Horrez aparte, iragarri du Gipuzkoako txapelketako finalen bat bertan jokatuko dela eta besteak beste, Mochin soraluzetarrak debutatu egingo duela eta borrokaldiak izango dituztela Andoni Kortabarria eta Ibon Muniategiandikoetxea bergararrek.