Zeini zuzenduta dago zerbitzu berria? Zeinek eska dezake aholkularitza?
Honako bi arlo hauetan emango dugu informazioa: gas horniduraren kasuan edozein herritar gerturatu daiteke. Kontsumitzaileen bulegotik gomendatzen dena da, negu honetarako behintzat, AET (TUR) tarifa kontratatzea, herritarrentzat onuragarria ikusi da tarifa hori eta lehenbailehen nola kontratatu azalduko diegu herritarrei. Bonu Sozial Elektrikoaren kasuan, diru-sarrera gutxi duten norbanakoentzat edo familientzat dago zabalik (RDL 18/2022) eta iraupen zehatz jakina duenez, lehenbailehen eskatzea aholkatzen dugu. Gehienezko diru-sarrera horiek publiko egin dira, baina zalantza izanez gero bertan azalduko diegu gerturatzen diren herritarrei.
Bulegora bertara joan beharra dago, txanda hartu beharra dago edo herritar-talde jakinekin Udala jarriko da harremanetan? Zeinekin?
Oraindik ez dakigu zerbitzu honek hartuko duen dimentsioa zenbaterainokoa izango den. Printzipioz, ostegunetan, 09:00tatik 12,30era, Kalebarren 8ko Udal Lokalera gerturatzea gomendatzen dugu eta ahal dugun soraluzetar gehienei lagunduko diegu, ikusten badugu txanda eman behar dela emango dugu, baina momentuz behintzat, ez da inora deitu behar.
Zeinek emango du arreta? Zertan lagunduko du?
Soraluzeko Udalak emango du zerbitzua. Esandakoaren inguruko informazioa emango die herritarrei, kontsumitzaileak berak tarifa aldatzeko edota Bonu Soziala eskatzeko behar duen informazio guztia emanez.
Noiz arte izango da zabalik bulegoa? Zenbatero?
Momentuz ez dugu eperik zehaztu eta esan bezala, printzipioz ostegunero eskainiko dugu zerbitzua. Zerbitzu berria denez, datu zehatzagoak ditugunean aztertuko dugu maiztasuna.
Besterik nahi baduzue esan…
Asteko beste egun batean zerbitzu hau emango zaie zaurgarritasun egoeran bizi diren norbanakoei eta familiei, Soraluzeko Gizarte Zerbitzutik bideratuko da eta udaletxean bertan emango zaie arreta.