Gaurko elkarretaratzean eman dituzten datuen artean, jakinarazi dute Lehiaren Euskal Agintaritzaren arabera, 2021eko urtarriletik 2023ko abuztura bitartean, %16 igo direla prezioak orokorrean; baina gaineratu dute funtsezko zenbait elikagairen prezioak %26,8 handitu direla eta badirela %30 baino gehiago handitu diren elikagaiak, oliba olioa, esaterako. Halaber, esan dute inflazioaz "baliatzen" direla prezioak igotzeko.
Salatu dute egoerari aurre egiteko aplikatzen diren “errezeta bakarrak” direla “langile klasearen lan-baldintzak, pentsioak eta gizarte-gastu guztiak murriztea” eta aldi berean, “inoiz” ez direla aipatzen “inflazio altuarekin lortutako banku- eta enpresa-onura izugarriak, ezta soldatak eta enplegua hobetzeko beharra ere”.
1.218 eurokoa beharko luke
Horrekin batera, LGS-aren -Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata- igoera hizpide izan dute, esanez, aplikatu dioten %5eko igoera “mugatua eta ez-nahikoa” dela, “are gehiago kontuan hartuta azken urteetan bizi-kostuak izan duen gorakada, batez ere erosketa-saskiaren prezioek izan dutena; izan ere, soldata txikienek diru sarreren zati handi bat horretarako bideratu behar baitute”.
Esan dutenez, Europako Gutun Sozialak dioena betez gero, estatu mailako LGSak 1.218 euro izan beharko luke hilean, 84 euro gehiago. Horrekin batera, gogora ekarri dute Euskal Herriko bizitzaren kostua Estatuko batez bestekoa baino askoz ere handiagoa dela eta berdin batez besteko soldata ere.
Bukatzeko, azpimarratu dute ez dagoela “zalantzarik LGSa eta, oro har, soldatak nabarmen hobetzea ezinbestekoa eta oso garrantzitsua” dela, “Gizarte Segurantzaren kutxarako diru-sarrerak handitzeko eta denontzako pentsio publiko eta duinak bermatu ahali izateko”.
Gaurkoan, 40 bat herritarrek babestu dute Plaza Berrian egindako elkarretaratzea.