Jokatutako guztiak irabazi egin zituzten

Ubane Madera Zangitu 2024ko urt. 17a, 10:24

Pasa berri den asteburua oparoa izan da Soraluze Pilota Elkarteko ordezkariendako, jokatutako partida guztiak irabazi egin baitzituzten. Besteak beste, domekan, Euskal Ligako Ohorezko mailako lehen jardunaldiko partida poltsikoratu zuten Soraluzeko elkarteko pilotari Balerdik eta Mendizabalek, Hernaniko bikotearen kontra 22-7 irabazita, Aranen. Bideoan ikusgai tanto batzuk.

Domekan, erraz irabazi zuten Euskal Ligako Ohorezko mailako estreinako partida Manex Balerdik eta Aitor Mendizabalek. Norgehiagoka hasi eta tantoz tanto, alde handia atera zieten Apaolaza-Labakari markagailuan eta partida osoan eutsi zioten alde horri. 

Sendo ikusi zen Manex Balerdi atzean, ohikoa duen pegada indartsua nasai erabiliz. Aurrean, berriz, bizi ibili zen Aitor Mendizabal, batetik bestera pilota bizkorrak bidali zein dejadak eginez. Hartara, markagailua 22-7an zela bukatu zen partida.

Beste guztiek ere irabazi

Nagusien segidan, berriz, Udaberri Sariko lehen jardunaldia jokatuko zuten Jubenil 2. mailan Eki Amuategik eta Mikel Caramanzanak Bergarako Xabat Otazuaren eta Peru Alberdi bikotearen kontra eta haiek ere irabazi egin zuten, 22-18, 

Infantil mailakoei dagokienez, berriz, Errendimendu mailan ari dira lehian eta kasu horretan, Soraluzen barikuan jokatzekoa zen partida bertan behera gelditu zen gaixotasunarengatik; Orion jokatu zutena, berriz, Aitzek eta Zuhaitzek irabazi egin zuten 18-6 eta alebin bigarren mailan, Izei Muguruzak eta Ekain Ariznabarretak 16-11 irabazi zuten euren partida.