Urte hasiera gogorra Sorarentzat

Ander Gomez 2024ko urt. 17a, 12:00
Zumaiakoren kontrako partidua. Iturria: @soraluzeft

Domekan, Aloña Mendiren aurka galdu zuen Sorako Gorengo mailako taldeak, 4-1 markagailuan. Zapatu honetan, etxez kanpoko hitzordua du berriz ere, sailkapenean hirugarren dauden Urki Futbol Klubeko eibartarren aurka.

Urte bukaerako etenaldiaren ondoren, ligari berrekin zioten Sorako futbol taldeek pasa den asteburuan. Gorengo mailakoek etxetik kanpo jokatu zuten, Oñatin, Aloña Mendi taldearen aurka.

Partidu gogorra bizi zuten Sorakoek: lehen zatian bi gol egin zizkieten kontran eta, bigarren zatia hasi eta gutxira, beste bi. Biziki berotu zen talde bien arteko lehia hortik aurrera. Epaileak lau txartel hori segidan atera zizkien soraluzetarrei; merezi izan zuen borrokak ordea, partidua bukatzear zela, gola lortu baitzuen Jokin Arrillagak (85'). Oñatiarrek azken bi minutuetan jaso zituzten txartel bakarrak (bi hori, horietako bat denbora galtzearren) eta beste bat gehiago jaso zuen Sorak: epaileak Markel Gil atzelaria kaleratu zuen 90' minutuan, bigarren txartel horia aterata.

Pos. Taldea Puntuak
1 MONDRAGON C.F. 38
2 ALOÑA MENDI 31
3 URKI C.D. 27
4 ILINTXA S.D. 26
5 IKASBERRI K.E. 23
6 EUSKALDUNA ANDOAINDARRA S.D. 22
7 ANAITASUNA C.D. B 22
8 SORALUZE C.F. 21
9 DANENA K.E. 20
... ... ...
16 ANTZUOLA K.E. 8

Sailkapenean bigarren postuan dagoen Aloña Mendiren kontrako partiduaren ostean, hirugarren sailkatuta dagoen Urkiren aurka jokatuko du Sorak. Zapatu honetan (18:00etan) du hitzordua, Unbeko beheko zelaian, eta klubetik zalegoa animatu nahi dute Eibarrera gerturatzera, «bereziki etxez kanpoko lehia zailetan, etxekoen animoak eta babesa inportanteak direlako».

Hala ere, gogora ekarri beharra dago Urkiren kontra jokatu duela Sorak jada (liga honetako lehen hitzorduan) eta garaipena lortu zuela, 3-1 markagailuan.


Ikus talde guztien emaitzak eta sailkapena, Plaentxia.eus-eko Soraren blogean.