Dakar Rallyaren luzeena eta hasiera batean, gogorrena pasatuta, azken egunei berezkoa duen optimismoarekin begiratzen die Fernando Garcia soraluzetarrak. Orain artekoan, denetik pasatu zaio Euskadi 4X4 ekipoari, pistan buelta eman beharra, amortiguadoreak aldatu beharra, penalizazioa… baina Garciak berak beti esan izan duen moduan, “bagenekien zertara gentozen, ahalegintzen gara egiten dakigun ondoren eta lasterketak lagatzen digun ondoen. Hau basamortua da, berak ipintzen ditu arauak. Sartu eta gozatu egin behar da, ez menderatu”.
"Nekatuta gaude, baina gogotsu"
Azken egunei buruzko honako kronika bidali du mekanikari eta kopilotu soraluzetarrak. “Maratoiaren etapan (48 ordukoan), pistan sartu, 25 kilometro egin eta buelta hartu behar izan genuen, kamioiak ezin baitzuen, erruberak hustuta ere, hondoratu besterik ez zen egiten kamioia. Pista oso zabala zen, akaso 100 metro zabal, baina bertatik pasatu ziren lehiaketako auto guztiak, klasikoak… Irteten ahalegindu ginen, baina kamioiak ezin zuen abiadarik hartu. Eta errepidetik segitu genuen. Ailegatu beharreko vivac-era ailegatu, eta, gainerako lehiakideen jarraipena egitean ikusi genuen 05:00etan noraezean gelditu zen jendea, ibilgailuak, matxuratuta… guk erabaki genuen ez behartzea kamioia. Hurrengo egunean bai sartu ginen pistan eta oso ondo zihoan, amaieran, akaso, ibilgailuak gehiago errebotatzen zuen, baina listo. Gaur, berriz, pistan hasi eta 25 bat kilometrotara kamioia berehala hasi da errebotatzen eta ezinezkoa zen segitzea, oso gogorra zen. Azkenean, amaierara iritsi gara, gaurko ibilbidea (atzo, astelehena) motza zen. Ematen duten zigilua eman digute eta amortiguadoreak aldatu ditugu baina bost minuturengatik ez dugu lortu irtetea. Pistan oso motel etorri gara eta penalizatu, zigortu egin gaituzte. Baina ez dio inporta. Ez gara ezer irabaztera etorri, hau erronka pertsonala da. Gaur hil egin da istripua izan zuen pilotua, Carles Falcon, Tony Vingutek arazoa izan zuen, beste batek zauri handia hankan… hau ez da broma bat, hau Dakarra da; bagenekien zertara gentozen, dakigun eta ondoen eta lasterketak lagatzen digun eta ondoen egiten ahalegintzen ari gara. Hau basamortua da, berak ipintzen ditu arauak. Sartu eta gozatu egin behar da, ez menderatu. Hau horrela da. Doluminak familiari, ospitaletan minduta daudenei animoak… Nekatuta gaude, baina gogotsu, gaur samurrago hartu dugu eguna, vivac-era iristen garenean amortiguadoreen tuerkak errebisatu egingo ditugu, bihar pistan sartu eta aurrera; amaierara begira, berriz, poliki-poliki joango gara, apurka-apurka dauden arazoak konpontzen ahalegintzen”.