“Handiak zarie; jo ta ke irabazi arte!”

Ubane Madera Zangitu 2024ko urt. 16a, 09:10

Pentsiodunen mugimenduaren atzoko elkarretaratzea. Argazkia: Txaro Lete.

Atzo, astelehena, protestatik ez ezik, ospakizunetik ere izan zuen pentsio publiko duinen aldeko asteroko elkarretaratzeak. Gogora ekarri zuten pentsiodunen borrokaren 6. urtemuga dela eta azpimarratu zuten urte horietan guztietan “lortutakoa ospatzen” dutela eta “falta dena lortuko” dutela. Batik bat, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatu zuten.

Pentsiodunen mugimenduaren 6. urteurrenaren harira, aitortza eta omenaldiarekin hasi zuten atzoko elkarretaratzea, mugimenduko kide izan eta urteotan joan direnak omentzeko minutu bateko isilunea eginez. Halaber, mugimenduko helduenei aitortza ere egin zieten, 80, 90 eta baita 100 urtetik gorakoei ere. Eta aitortzekin bukatzeko, oro har, asteleheneroko mobilizazioetan parte hartzen ari diren pentsiodun guztiei helarazi zizkieten zorionak, txalo zaparrada gehituz.

Lorpenak

Horrez gain, ospakizunetik ere izan zuen atzoko hitzorduak, urteotan lortutakoa ospatzeko:  “2013ko PPren erreformaren IRP (0,25) indargabetzea, Pentsio Sistema Publikoa (PSP) guztiz bideragarria dela erakustea, Iraunkortasun Faktorea indargabetzea eta pentsioak erdira murrizteko nahia eta erabaki berriak hartzeko ahalegina saihestea. Izan ere, aurten izango dugun % 3,8eko igoera, galdutakoa konponduko ez duen arren, gure borrokak lortu du. EHPMkoek euria ari zein eguzkia izan, 275 astelehen geroago ere kalean jarraitzen dugula ospatzen dugu, pentsio publikoak, duinak, bidezkoak eta guretzako eta hurrengo belaunaldientzako bizitzeko bestekoak izan daitezen eskubidearen alde borrokan”.

Aberatsenen "mozkin errekorrak"

Azkenik, borrokaren bidetik segitzeko asmoa berretsi zuten, batik bat, “onartezina” iruditzen zaielako “langileek, pentsiodunek eta, oro har, herritarrek ordaintzea bizitzaren igoerarekin, finantza-oligopolioen eta energia kudeatzaileen mozkin errekorrak”. Ildo beretik, onartezina iruditzen zaie, baita ere, “gero eta pentsiodun gehiagok uko egin behar izatea oinarrizko premiak asetzeari, hala nola, etxe erosoak izateari, osasunerako eskubideari, elikadura osasuntsuari eta erretiroaren ondoren diru-sarrera duin eta nahikoak bermatuta izateari”.

Eta, oro har, geratzen zaizkien aldarrikapen aldeko borrokarekin segituko dutela esan zuten.