Pentsiodunen mugimendua

6. urtez pentsio publiko duinak aldarrikatzen

Ubane Madera Zangitu 2024ko urt. 8a, 12:58

Gaur, urtarrilak 8, Gabonetako opor osteko lehen elkarretaratzea egin dute Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduak deituta. Besteak beste, gogora ekarri dute 6.urteurrena bete dutela plazetan “pentsio publiko duinak eta bizitzeko bestekoak” eskatzen hasi zirenetik eta iragarri dute hori lortzeko “borrokan” jarraituko dutela.

Gaurko elkarretaratzean, lau puntu mahai-gaineratu dituzte.  

Batetik, berretsi dute pentsioetan aplikatutako KPIaren igoerek ez dutela “ahalbidetzen pentsio eta soldata baxuenen erosteko ahalmenaren galera konpentsatzea”. Egoera horren aurrean, neurriak hartzea eskatu dute, “prezioen igoera kontrolatzeko eta mugatzeko”. Halaber, horrekin batera, pentsioetan zein Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatetan “igoera handiagoak” aplikatzeko eskatu dute.

Bestetik, erreforma fiskala eskatu dute, “gehien dutenak gehiago zergapetzeko”, batez ere, “horien diru-sarrerak eta errentak izugarri handitzen dituztela ikusten denean”.

Hirugarrenik, gogora ekarri dute pentsiodunen borrokaren 6. urteurrena bete dutela eta gaineratu dute “lehen mailako aldarrikapen baten zain” segitzen dutela, “1.080 euroko gutxieneko pentsioa lortzea”. 

Azkenik, azpimarratu dute segitzen dutela gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izan dadin, Gasteizko zein Nafarroako gobernuek haiek osatzearen aldeko mozioak aurkezten. Helarazitako datuen arabera, Gipuzkoan, 88 udaletan aurkeztu dituzte mozioak, 55 udaletan landu dute gaia eta horietatik 47tan onartu egin da mozioa, tartean Soraluzen. Horrekin batera, Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere onartu egin zuten gaia eta, esan dute Nafarroan ere antzerako kanpaina bat hasi berri dutela.