Helarazitako xehetasunen arabera, hiru ardatz nagusi izan dituzte kontuan "aurrekontua osatzerakoan: zorroztasun ekonomikoa, ekonomia berderantz trantsizioa eta kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzea".
Halaber, aurrekontuaren helburu orokorra da "gaur egun ematen dituen zerbitzuen kalitateari eustea, hobekuntzak txertatuz eta gastuei eusten saiatuz, Mankomunitatea osatzen duten udalei kuotak gehiegi ez handitzeko".
Helburu nagusien artean, berriz, honakoak nabarmendu dituzte: "kale garbiketa zerbitzua indartzea ur bidez ematen den zerbitzua handituz eta lan egiteko material berriak erosiz, zerbitzuak digitalizatzeko proiektua garatzea eta martxan jartzea, Plan Estrategikoa amaitzea helburu estrategikoak eta ekintza plana finkatuz, organikoaren edukiontziak ixtea eta Eibarko lantegiaren eta transferentzia-estazioaren eraberritzea egitea, besteak beste".
209 euro herritar bakoitzeko
Aurrekontuaren xehetasunetan sartuta, Mankomunitatetik esplikatu dute ahalegin ekonomiko nagusia hiri-hondakinen gaikako bilketa eta kudeaketa hobetzeko partidetan egin dela -10.351.094,09 euro, iaz baino 1.033.289,73 euro gehiago-.
Honako esparruak indartu dituztela jakinarazi dute: "zatiki berrien bilketa martxan jartzea, edukiontziak berritzea karga lateraleko edukiontzien bidez eta hiri- hondakinen bilketa zerbitzuaren digitalizazioa martxan jartzea".
Kopurutan begiratuta, Mankomunitateak 2024an 209,96 euro inbertituko ditu herritar bakoitzeko hondakinen bilketan, birziklatzean eta kale garbiketan, 2023an baino % 9,68 gehiago.
Bigarrena, kale garbiketa
Kale garbiketari dagokionez, gaikako bilketaren ondoren, kale garbiketak du pisu berezia. Mankomunitateak 4.768.513,74 euro erabiliko ditu horretarako, 2023an baino 283.570,53 euro gehiago. Arlo horretan, ondorengo inbertsioak iragarri dituzte: hiru ekortzeko makina, hidrogarbigailu bat eta kale garbiketako aldageletako takillak erostea, besteak beste.
Soraluzeko kuota
Diru-sarrerei dagokienez, berriz, aurreikuspena da Mankomunitateak 1.234.491 euroko diru-sarrerak izatea, 2023an baino 101.644 euro gehiago, "baliabide propioetatik" etorritakoak.
Horien artean, nabarmendu dute Mankomunitateak 690.000 euroko finantzaketa jasotzea aurreikusten duela Ecoembes-en eskutik, ontziak eta papera gaika biltzeagatik, eta besteak beste, Eibarko Udalak 277.000 euro pasa ordainduko dizkio hainbat zerbitzu emateagatik.
Herriek ordaindu beharreko kuotei dagokionez, berriz, Soraluzek 191.435,01 ordaindu beharko du Gipuzkoako Hondakinen Kontsorziorako; 259.752,09 euro Debabarreneko kuotarengatik eta 286.110,27 euro kale garbiketarengatik.