El Jardín de las Delicias izeneko 9.000 piezako puzzlea izan da Mikel Cruzek egin duen azkena; maiatzaren hasieran bukatu zuen eta ekainean bertan, zaletasunez aldatu, eta itsasontzien erreplikak muntatzen hasi zen.
Sei hilabete geroago eta oraindik bukatzeko zertxobait falta zaion arren, dotore ikusten da estreinaldirako aukeratu duen barkua, La Santisima Trinidad gerra-ontzia. 876 mm. altu da, 1.060 mm. luze eta 415 mm zabal. Kalaminazko piezak eta sapeli, afrikar intxaurrondo eta ezki egurrez egindakoak ditu. Detailez beteta dago, besteak beste, 130 kanoi ditu.
Puzzleekin moduan, itsasontziekin ere, muntaia-lanetarako erremintetako batzuk Cruzek berak egin ditu, erosoago eta nahieran jarduteko.
Gogobetegarriago
Lanak lan, Mikel Cruz gustura dago orain arteko esperientziarekin, puzzleak egitea baino gogobetegarriagoa egiten zaio barkuak muntatzea, emaitzarengatik zein muntaketa prozesuarengatik: “Beste mundu bat da, zeharo desberdina. Ez da gauza bera piezak kolokatzen joan edo piezak muntatzen joan. Ondo zaindu behar da piezen muntaketa, distantziak ondo zaindu… hurrengo piezak ondo sar daitezen. Adibidez, 0,6 mm.ko broka erabiltzen dut zuloak egiteko. Bestalde, barku honetan, badaude betelan batzuk ez direnak planoetan azaltzen eta neuk asmatu behar izan ditut”.
Behin barkua bukatuta, hasieran, Ainzon jaioterrira eramateko asmoa zuen. Orain, ordea, emaitza ikusgarria aurreikusita, zalantza dauka non ipiniko duen.