ZALETASUN BEREZIAK

Zortzi urte puzzleak egiten

Ubane Madera Zangitu 2023ko mai. 20a, 15:00

Mikel Cruz (Ainzon, Zaragoza, 1952) puzzle-egile zalea da. Zortzi urte daramatza zaletasun horrekin. Egin duen puzzlerik txikiena 1.000 piezakoa izan da. Orain, berriz, 9.000koa egiten dihardu. 

Mikel Cruzek beti izan ditu gustuko trebetasun-lanak, adibidez, berez konponezinak ziren aparailu elektronikoak konpontzea, eskuz egindako piezak baliatuta askotan, kaseteak, bideo-aparailuak, telebistak… Eskulanetarako zaletasunetik abiatuta, behin, gustatu zitzaion puzzle bat ikusi zuen Interneten eta probatzea pentsatu zuen.

"Telebistarik ez dut ikusten. Oso entretenigarria pentsatu zitzaidan puzzlea egiteko piezak sailkatzea eta puzzlea egitea, eta gero, puzzlea amaituta ikusteak gozamena ematen dizu". Horrela hasi zen puzzlegintzan, denborarekin, puzzleen tamaina handituz. "Iaz, Velazquezen Las Hilanderas 8.000 piezako puzzlea egin nuen eta oraingoak, El Boscoren El Jardín de las Delicias margolanaren puzzleak 9.000 pieza ditu". 

Egunean bospasei ordu

Gaur egun, Cruz erretiratuta dago eta egunean, guztira, bospasei ordu eskaintzen dizkio puzzleak egiteari, goizean hiru bat eta arratsaldean beste horrenbeste. "Denbora hori behar da. Gainera, 70 urte ditut eta nire burmuinaren bizkortasunak ez du zerikusirik gazte batek duenarekin", esplikatu du. Las Hilanderas, adibidez, iazko urtarrilaren amaieran hasi eta urriaren 10ean bukatu zuen. “Uztaila, abuztua eta Aste Santua nire herrian pasatzen ditudala kontuan hartuta”. El jardín de las Delicias, berriz, urtarrilaren amaieran hasi zuen eta espero du urria-azaroan bukatzea; etxe azpiko lokalean egiten ditu puzzleak eta lekua libre behar du Gabonetarako, bertan egiten baititu familiak Gabonetako jatorduak. 

Oraingoa azkena

Cruzek hiruzpalau mahai-taula erabiltzen ditu puzzleak egiteko. Inguru guztia dauka piezaz beteta, koloreen eta formen arabera sailkatuta. "Lehenengo periferiako piezak aukeratzen ditut, gero gainerakoak", esplikatu du. Puzzleen dimentsioak ere kontuan hartzen ditu, piezen arteko distantziak kalkulatu eta bakoitza bere lekuan ipintzeko. Aukera duenean, berriz, puzzlearen anpliazio digitalak ere erabiltzen ditu puzzlea egiteko. Kontatu duenez, 56.000 piezako puzzleak ere badaude, Munduari bira 80 Egunean, adibidez. "Baina halakoak egitea oso zaila da, batik bat eskatzen duen espazioarengatik".

Cruzek 15 urtean zortzi bat puzzle egin ditu eta oraingoa azkena izango da. "Kasu batzuetan, oparitu egiten ditut, beste batzuk Ainzongo eta Soraluzeko etxeetan eta hemen, lokalean ditut zintzilik. Baina dagoeneko ez dut paretarik puzzle gehiagorako. Itsasontzien maketak egitea probatu nahi dut, Jose Mari Igartuak bezala, bere tailerreko erremintak ere eskaini dizkit, beraz… Argi dudana da telebistarik ez dudala ikusiko".