Udazkenean aurkeztu zuen Sare Herritarrak Konponbiderako giltzak izeneko manifestua. Bertan, "ETAren desagerpenarekin, isolamenduaren eta urruntze politikaren amaierarekin" batera, "bidean aurrera urratsak ematen jarraitzeko" beharra azpimarratzen da: "Konponbidearen eta elkarbizitzaren ateak parez pare zabaldu nahi eta behar ditugu. Eta horretarako presoen etxerako atea zabalduko duen/duten giltza/k eskuartean hartu behar ditugu".
Horrekin batera, proposatzen du "espetxe eredu berria" eta "biktima guztiak" aintzat har daitezela: "Ez gara zigorgabetasuna eskatzen ari, zigorrak betetzeko legeak berak eskaintzen dituen aukera desberdinei ateak irekitzea baizik. Espetxe eredu berri, humanizatu eta justuago batean sakonduz, euskal presoei dagozkien eskubideen jabetza aitortuz, herri honetan sufritu duten pertsona guztiak aintzat hartuz eta biolentzia ezberdinen biktima diren guztiak errespetatuz".
Azkenik, prestutasuna adierazten du elkarbizitza oinarri izango duen etorkizun bat" eraikitzeko: "Adierazi nahi dugu prest gaudela konponbiderako, elkarbizitzarako, biktima guztien minen errespeturako eta presoen etxerako biderako ateak irekiko dituzten giltzak gure eskuetan hartzeko, lege arruntak dion bidetik, hamarkadetan zehar aplikatzen ari zaizkien salbuespenak betiko baztertuz. Ahaleginak egingo ditugu ate hauek lehenbailehen ireki daitezen eta, horrela, herri hau osatzen dugunok elkarbizitza oinarri izango duen etorkizun bat eraiki dezagun".
Manifestuari atxikimendua adierazteko aukera zabalik dago giltzak.sare.eus webgunean.
Bilbora joateko autobusa
Soraluzeko Sarek bat egin du manifestuarekin eta herritarrak gonbidatu dituzte urtarrilaren 13an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera. Horretarako autobusa antolatu dute eta izen-ematea zabalik dago Arrano eta Bolia tabernetan.
Manifestazioa arratdaldarratsaldeko 16:00etan abiatuko da Bilbon, hasiera batean aurreikusitakoa baino ordubete lehenago. Hori dela eta, Soraluzeko autobusa arratsaldeko 14:30ean aterako da Estaziñoko geltokitik.