Sora - bergara b

Puntu bakarra bart iluntzeko norgehiagokan

Ander Gomez 2023ko abe. 23a, 15:30

Atzoko hamaikakoa. Argazkia: Markel Barrutia.

Atzo, barikua, Sorako Gorengo mailako taldearen 14. jardunaldia jokatu zen Ezoziko futbol zelaian. Bergara B taldearen kontra izan zen eta markagailua hutsean zela bukatu zen partidua.

Gabonetako jaien egutegira moldatuta, ezohiko hitzorduak dituzte asteburu honetan Sorako futbol taldeek. Gorengo mailako taldeak atzo jokatu zuen, barikua, iluntzeko 19:30etan.

Bergara K.E. B-ren kontra lehiatu ziren nagusiak eta, aukera garbi bat edo beste izan bazuten ere, ez zuten gola lortu. Nabarmentzekoak Iker Urkirik langa jo zuenekoa, Mikel Oregi Letu kapitainak buruz jotako erremateetako bat eta Jon Ander Reciok ate hutsera jaurtitzea lortu baina kale egin zuenekoa.

Partiduan zehar, kexa eta falta ugari izan ziren eta zortzi txartel atera zituen epaileak, gehienak, kanpokoentzat: bost txartel hori jaso zituzten jokalari bergararrek, eta euren entrenatzaileak gorria.

Txartel gorria entrenatzaileari

Bergara B-ko Aitor de Benito Obeso entrenatzaileak txartel gorria jaso zuen.
Zelai ertzean, jesarrita zeuden jokalarien alboan, Bergarako zale kuadrilla bat zegoen, taldeari animoak ematen. Jokaldi eztabaidatsu baten ostean, kexaka hasi ziren entrenatzaile eta jokalariak; atzean zegoen lagun taldea are gehiago berotu eta irainka hasi ziren. Epaileak, entrenatzailearen berbak zirelakoan, txartel gorria atera eta kanporatu zuen.

Amaiera adierazi arte, 0-0an mantendu zen markagailua, eta puntu bakarra eskuratu zuten etxekoek.

Ikus Sorako talde guztien emaitzak eta sailkapena, Plaentxia.eus-eko Soraren blogean.