Pentsioak 1.080 euroraino osatzeko eskaera egiten duen mozioa onartuta

Ubane Madera Zangitu 2023ko abe. 22a, 09:16

Pentsiodunen mugimenduko ordezkariak osoko bilkuran, eguaztenean.

Eguaztenean, udalbatzarrak onartu egin zuen pentsiodunen mugimenduak aurkeztu zuen mozioa. Bertan, bi eskaera egiten zituzten, besteak beste, Nafarroako eta EAEko Legebiltzarrei eta Gobernuei eskatzea gutxieneko pentsioa osa dezatela 1.080 €-ra arte 14 ordainsaritan, 2023ko urtarriletik aurrerako atzerakinarekin. Udal Gobernuaren aldeko botoekin onartu zen mozioa. Oposizioak, berriz, kontra bozkatu eta nabarmendu zuen, batik bat, pentsioak ez direla ez Soraluzeko Udalaren eta ezta ere Eusko Jaurlaritzaren konpetentzia.

Pentsioak 1.080 euroraino osatzeko eskaera argudiatzeko, zazpi orriko mozioa aurkeztu zuen Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduak osoko bilkuran. Besteak beste, bertan adierazi zuten “ez dagoela arrazoi ekonomiko edo politikorik ez egiteko, eta ezin dugu egun bat gehiago itxaron”. Gutxieneko pentsioendako osagarria eskatzeaz batera, eskatu zuten, baita ere, Nafarroako eta EAEko Legebiltzarrei eta Gobernuei jakinaraztea osoko bilkuran hartutako erabakia.

Mozioa onartu egin zen, baina Udal Gobernuko zinegotzi bat falta zenez, alkatearen kalitatezko botoa erabili behar izan zuten onartzeko, oposizioak mozioaren kontra bozkatu eta bototan berdindu egin zutelako bi aldeek.

Boto azalpenean, oposizioko bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk azpimarratu zuten pentsioen konpetentzia ez dagokiola ez Soraluzeko Udalari eta ezta ere Eusko Legebiltzarrari, beraz, alperrik zela eskaera hori Soraluzeko Udalean aurkeztea ez baitu “lortuko duen helburua”. 

Behin hori esanda, Patricia Borinaga sozialistak gogora ekarri zuen Euskadin, "RGIan Idoia Mendiaren sailak" egindako azken aldaketei esker pentsioak ia-ia 1.080 eurotaraino igo dituztela (880 eurotik 1.013 eurora pasa dira). Eta gaineratu zuen "azken bost urteotan Espainian, presidente sozialista batekin, pentsioak KPIaren arabera eta Toledoko Itunean adostutakoaren arabera errebalorizatu" direla. Izandako igoeren artean, pentsio ez-kontributiboenak zein alarguntasun pentsioen igoerak aipatu zituen, besteak beste.

RGIaren lege berriak laguntza gehiago

Horrekin batera, oposiziotik gogora ekarri zuten 2024ko urtarrilean indarrean sartuko den RGIaren lege berriak laguntza berriak hartu dituela bere baitan, besteak beste, pentsioak osatzeko ere balioko dutenak. Eta Udal Gobernuari proposatu zioten dauden laguntza guztien gainean herritarrak behar den moduan informatzeko ekimenak egin ditzala, askok, informazioa lortzeko zailtasunengatik edo tramiteen zailtasunengatik ez baitituzte laguntza horiek jasotzen. 

Zentzu horretan, Udal Gobernuak jakinarazi zuen azken lanketa hori eginda dutela eta asmoa dutela herritarrei zelanbaiteko aholkularitza/informazio zerbitzua eskaintzeko bide berriak abiarazteko. Halaber, pentsioena Udalaren konpetentzia izan ez arren, Unai Larreategik esan zuen Udalak lagundu dezakeela “gertutasunetik” laguntzak lortzen. Era berean, adierazi zuen konpetentziak konpetentzia, herritarren eskaeraren bat dagoenean, “presioak laguntzen” duela arazo hori “mahai gaineratzen” eta eskumenak dituenari “helarazi” ahal zaizkiola herritarren eskaerak.