Ezozibideko bizilagunei dirulaguntzak ematea onartuta

Ubane Madera Zangitu 2023ko abe. 21a, 14:55

Ezozibidea birgaitzeko proiektuaren baitan, bertako bizilagunei dirulaguntzak ematearekin lotutako puntua onartu egin zuen atzo udalbatzarrak. Aho batez onartu zuten gaia eta kopurua borobilduz, 3.655.595,24 euro bideratuko du Udalak Ezozibideko etxeetan egindako obrak ordaintzen laguntzeko. 

Atzoko osoko bilkuran gogora ekarri zuten moduan, aurreko agintaldian, Eusko Jaurlaritzak 5,6 milioi euroko partida onartu zuen Soraluzerako, Ezozibidea auzoa birgaitzeko. Proiektu horren baitan, hiru jarduera nagusi aurreikusi zituzten: auzoa urbanizatzea, auzoko etxeak energetikoki eraginkorrago zein irisgarriago bilakatzeko jarduerak eta SAPAko lehen pabiloiaren birgaitzearen zati bat. Horrez aparte, partida txiki bat bideratu zen Kalebarrengo lokalaren obretara.

Bost komunitate

Atzoko bilkuran emandako xehetasunen arabera, proiektuak bere baitan hartzen du auzoko 16. zenbakitik 34ra bitarteko zatia; hain zuzen, 10 komunitateri eskaini zitzaien parte hartzeko aukera, eta, azkenean, 5ek hartu du parte.

Bada orain, proiektuan parte hartzen ari diren bizilagun horiei eraikinak birgaitzeko dirulaguntzak ematea onartu du udalbatzarrak. Besteak beste, etxeen inguratzaile termikoak zein etxeetan jarritako igogailuak diruz laguntzeko.

Kopurutan begiratuta, Jaurlaritzak emandako 5,8 milioi eurotik, 880.000 euro izango dira auzoa urbanizatzeko eta beste 440.000 euro bideratu ziren SAPAko obrarako. Horri gehitu behar zaio Kalebarrengo lokalera bideratutako kopurua. Beraz, 3.655.455, 24 euro bideratuko dituzte bizilagunen dirulaguntzetarako. 

Boto azalpenen atalean, Iker Aldazabal jeltzaleak azpimarratu zuen, besteak beste, Soraluzen inoiz jaso den dirulaguntzarik handienari esker egingo dela Ezozibideko proiektua eta “obra bukatu ostean birgaitze inportantea suposatuko” duela egindakoak “Ezozibidea auzoarendako eta herriarendako” eta oro har, “buelta ederra” emango zaiola Gabolats eta Ezozibide inguruari.

Herri osoa Birgaitze Integralerako Esparru

Patricia Borinaga sozialistak, berriz, gaia testuinguruan jarri zuen gogora ekarriz Jaurlaritzak emandako dirulaguntza Jaurlaritzaren Sail sozialista batek eman zuela, eta, laguntza hori Ezozibidera bideratu zela auzo hura zegoelako kontsideratuta Birgaitze Integralerako Esparru modura; gaineratu zuen sozialistek beti babestuko dituztela halako jarduerak.

Ildo beretik, Unai Larreategi alkateak azaldu zuen azaroan Legebiltzarrean onartu den Debabarrena Suspertzeko Ponentziari esker, orain, Soraluze osoa dagoela kontsideratuta Birgaitze Integralerako Esparru modura eta horrek ateak zabalduko dituela herriarendako bestelako dirulaguntza batzuk lortzeko.