Soraluzeko Tokiko Energia Komunitatea sortzeko estatutuak onartu ziren

Ubane Madera Zangitu 2023ko abe. 21a, 09:36

Udal ordezkariak aldeko botoa ematen, atzo iluntzean, eguaztena.

Atzo, eguaztena, udalbatzak osoko bilkura egin zuen eta bertan landutako gaien artean, TEK Soraluze, Soraluzeko Tokiko Energia Komunitatea sortzeko estatutuak onartu zituzten aho batez. Emandako xehetasunen arabera, urtarrilean "batzar zabal" bat deituko dute, herritarrei komunitate horren berri eman eta nahi duenari bertako kide izateko aukera irekiz.

Atzo, urteko azkeneko osoko bilkura egin zuen udalbatzarrak. 14 gai zituen mahai gainean lantzeko. Zortzigarren puntura artekoak tramitezkoak izan ziren, baina zortzigarrenetik aurrera hasi ziren "nobedadeak" Unai Larreategi alkateak esan zuen moduan.

Nobedadeetako bat Soraluzeko Tokiko Energia Komunitatea, TEK Soraluze izan zen. Komunitatea eratzeko estatutuak onartu egin zituzten, udal ordezkaritza duten alderdi guztien adostasunarekin.

Unai Larreategi alkateak esplikatu zuenez, komunitate honek segida emango dio energiarekin lotuta, orain arte emandako bestelako pausoei, alegia, herriko hiru teilatutan, eguzki plakak jartzen ari dira 247.000 euroko laguntza bati esker.

Orain, esandako moduan, tokiko energia komuniatea sortzeko pausoak ematen ari da Udala. Unai Larreategi alkateak esplikatu zuenez, hiru bazkide fundatzaile behar dira komunitate energetikoa eratzeko eta, oraingoz, bi badituzte, Soraluzeko Udala bera eta Mesedeetako Egoitza; hirugarrena lortzeko prozesua abian baina "itxi barik" dagoela gaineratu zuen alkateak. 

Urtarrilean herritarrekin

Behin elkartea eratuta, hurrengo pausoa izango da herritarrei bertan parte hartzeko aukera ematea. Horretarako, urtarrilean "batzar zabal" bat deituko dute eta bertan esplikatuko dute zein onura eskura daitezkeen komunitateko bazkide eginez gero, "baina logikoena izango da etxeko argindarraren fakturan eragina izatea", esan zuen alkateak.

Hark emandako xehetasunen arabera, nahiko lukete "ahalik eta herritar/komertzio gehien animatzea" bazkide izatera; hasieran, 270 etxe/familia/komertziok izango dute TEK Soraluze komunitateko horretarako aukera. 

Sologoen estrategiko

Bestalde, azpimarratu zuten "estrategikoa" izango dela Sologoeneko zentrala komunitate horretara inkorporatzea. Aurreratu zutenez, hurrengo hilabeteetan itxiko da gai hori. Larreategik gogorarazi zuen, gaur egun, Sologoenen produzitzen den argindarra, legak aginduta, Udalak saldu egin behar diela maioristei eta gero haiei erosi, saldutako prezioaren "hirukoitza" ordainduz. Hori horrela, helburua da Soraluzen produzitzen den energia Soraluzen bertan zuzenean kontsumitzea, hori lortuz gero, Udalak irabaziak ere izango lituzke. 

"Pozgarria"

Puntuaren aldeko botoak eman ondoren, oposizioak adierazi zuen "pozgarria" dela jakitea bide horretan pausoak emango dituztela. Iker Aldazabalek azaldu zuen 2017an Udalak Sologoen bereganatu zuenetik  helburua zela hemen ekoizten den energia hemen kontsumitzea, baina orain arte hori ezin izan dela egin, legeak galarazita. Halaber, komunitate energetikoaren gainean egingo den bileran parte hartzera animatu zituen herritarrek.

Patricia Borinaga ordezkari sozialistak ere helarazi zuen bere adostasuna gaiarekiko, besteak beste, gogoraraziz beste alderdikide sozialista batek ahalbidetu zuela Sologoen Udalaren esku lagatzea. Horrekin batera, azpimarratu zuen sozialistek beti bultzatuko dituztela ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena duten energia berriztagarrien aldeko ekimenak.