Atzo eguerdian, Institutuko klaseak bertan behera geratu ziren, ez ohiko ekimen batengatik: Iñigo Larrañaga maisuaren agurra. Ikasleek pentsatu eta antolatu zuten ekitaldi-omenaldi hunkigarria, Soraluzen orain arte ikusi bakoa.
Antzerkia ikustera joan behar zirenaren aitzakian eraman zuten irakaslea Herri Antzokira. Maisuak ez zuen joaterik nahi, zerbaiten susmoa hartuta, baina ikastetxeko zuzendaritzak bultzatuta amore eman behar izan zuen eta antzokira joan.
Hara sartzeaz bat, txalo zaparradarekin hartu zuten maisua. Iñigo tentsu, ahoa itxita, eusten. Zapia ere eman zion zuzendariak, badaezpada.
Opariak maisuari
Agurra dantzatuz hasi zen ekitaldia. Institutuko maila guztietako ikasleen artean osatu zuten bereziki dantza-taldea Iñigori agurra eskaintzeko. Musika, berriz, musika eskolako ikasleak ere badiren institutuko gazteek jarri zuten, musika eskolako zuzendariak gidatuta.
Segidan, ikastetxeko 4 mailetako ikasleek erregalu bana eman zioten irakasleari, mailaka, loreak, argazkiz eta sinaduraz osatutako pankarta, bertsoak, idatzi bat eta, noski, pala bat, jolas-orduetan maisuak ikasleekin paletan pasatu dituen ordu guztien oroigarri. Bideo bat ere jarri zuten haren ibilbidea argazki bidez erakutsiz.
Berbaz, berriz, gauza asko esan zizkioten gazteek; esan zioten “eskerrik asko”, “irakasle berezi bat” izan dela, “beti” eurei laguntzeko prest egon dena; esan zioten “faltan” igarriko dutela, eta, zera ere bai: “Nahiz eta ointxe ez ikusi egunero, danok gogoratuko gara zutaz bizitzako momentu askotan”.
"Eskertzen da irakasle bat bakarrik ez izatia"
Horren adibide, maisuari esker buruz ikasi eta barne-barnean gordeta dituzten hainbat ikasgai partekatu zituzten, Hay que aprender a aprender, 7: HIATO significa CORTE, “no seáis tan desordenados como yo” edo berari esker, beti izan zutela “aukeria itxeko la recuperación de la recuperación de la recuperación”.
Izan ere, Iñigo Larrañaga irakaslea baino gehiago izan da, gazteek azpimarratu zuten moduan: “Se buscan valientes, ta zure moduko irakasle gehixau bebai. Igartzen delako zenbat gustatzen jatzun zure lana, ta ikasliekin egotia. Eskertzen da irakasle bat bakarrik ez izatia, patixuetan gurekin jolastia, azken finian, gutako bat gehixo zara”.
Omenaldia borobiltzeko, pala-txapelketa egin zuten, Soraluzeko ikasleek Iñigo Larrañaga irakaslearekin azkenekoz jolas zezaten.
Ikasleen agurraren ostean, irakasleek berea egin zioten ikastetxean.