Zergatik Soraluze? Ezagutzen zenuen herria?
Ez nuen ezagutzen. Gertutasunarengatik aukeratu nuen. Azkoitiko Ikastolan irakasle nintzela, hura publifikatu zenean, Azkoitian plazarik gabe gelditu nintzen; lana izatez banuen, baina Hezkuntza publikoan ziharduten lagun batzuk irakasle plaza publikoa hartzeko gomendatu zidaten. Kasu egin, eta orduan aukeran nituen Irungo, Zumarragako eta Soraluzeko ikastetxeen artean, hauxe aukeratu nuen.
Zelan dituzu gogoan irakasle izan zineneko lehen urteak Azkoitiko ikastolan?
Dezente gogoratzen naiz lehenengo urteekin. Tutore izan nintzen, orduan 6. mailatik 8. mailaraino izaten zen tutore. Ikasle jatorrak ziren. Batzuek gogo gutxi zuten ikasteko, baina oso jatorrak ziren. Oraindik harremana dut haietako askorekin.
Zein ikasgai eman izan duzu?
Lehen urtean Gorputz Hezkuntza eman nuen, baita Euskara ere. Gero, urte askoan Plastika eman nuen eta tutore nintzen gelan Matematika ere ematen nuen. Gero, zuzendaritzatik esan zidaten ea Gela Berezia hartuko nuen eta 6-7 urte egon nintzen Gela Berezian. Beste esperientzia bat izan zen hura. Beste tratu bat izan nuen ikasleekin. Akaso halako gela batean ez duzu ikusten ikaslea horrenbeste aurreratzen, baina beste gauza batzuetan bete egiten zaitu harremanen aldetik, bai gurasoekin, baita ikasleekin ere, beste aberastasun bat ematen dizu. Hona etorri nintzenean, berriz, Lenguako plaza hartu nuen. Eta hiru urtez, berriz, zuzendari ere izan nintzen, baina nire txanda zelako, ez beste ezergatik.
Nola gogoratzen dituzu Soraluzeko institutuko lehen urte haiek?
1996an etorri nintzen. Orduan zuzendaritzan Jose Felix Larruskain, Josu Aranzabal eta Iñaki Gerrikagoitia zeuden. Sei bat urte egon ziren zuzendaritzan. Hasieran, lan asko egiten genuen jolasorduetan-eta, zeren goiko ikastetxekoak etorri ziren hona ikastera; B eredukoak ziren eta hemen zeudenak D eredukoak; bi taldeak uztartzeko, jolasorduetan txapelketa asko antolatzen genituen. Klaustroa motibatuta zegoen eta lan handia egiten zuen. Tere, Roberto, Alizia… gogoratzen ditut.
Zelako emaitza eman zuen goiko ikastetxeko eta beheko taldeak uztartzeak?
Nire ustez nahiko ona. Lorpen batzuk izan zirela esango nuke. Hizkuntza aldetik zein kuadrillen aldetik, izan ere, hainbat kuadrilletan nahastu egin ziren bi taldeetakoak.
Zer aldatu da sasoi hartatik hona?
"Askorengan motibazio falta eta errazerako joera ikusten dira"
Lehen urteetan, hemen bazeuden ikasle talde batzuk oso onak, batik bat, neska batzuk, gelako erritmoa eramaten zuten eta asko aurreratzen zen. Orain, horrelako gelarik ez zaigu tokatu. Motibazio falta dago. Nik uste dut pixka bat gure kulpa dela, guraso eta irakasle moduan, dena eginda ematen diegu eta. Ikasle batzuek errazera egiten dute eta segituan galdetzen dute, aldiz, egin behar dena da irakurri edo entzun, gero pentsatu eta pentsatu, eta, gero galdetu. Askorengan motibazio falta eta errazerako joera ikusten dira.
Irakasle modura duzun esperientziatik, zein aholku emango zenioke gurasoei? Eta gazteei?
Ez, ez, ez, nik aholkurik ez dut emango. Aholkuak ematea erraza da. Bakoitzak jakin behar du zer egin behar duen. Nik uste bakoitzak bere lana egiten badugu, guraso bezala guraso lana, irakasleok gure lana eta ikasleek berean saiatuko balira, asko aurreratuko litzatekeela. Ikasleen kasuan, adibidez, batzuekin zortea dugu eta autonomoak dira eta ez gara euren gainean egon behar, baina beste batzuei lagundu egin behar zaie. Guztiok desberdinak gara.
Esango zenuke guraso askok ez dutela guraso lanik egiten?
Zenbait etxetan giro onik ez badago (langabezia…) ez da erraza aurrera egitea.
Honengatik edo hargatik, baina askotan gazteek fama txarra dute. Justifikatuta dago hori?
"Ni kezkatzen nau bereziki, azkenaldian telebistetan eta egunkarietan ere esaten dute, bere buruaz beste egiteko dagoen joerak"
Orain dela 400, 500… urte, baita lehenago ere, gazteei buruz gaizki berba egiten zen eta orain ere halaxe da. Begira Socrates filosofoak zer zioen gazteei buruz: "Gaurko gazteek luxua maite dute. Gaizki hezia da, autoritatea mespretxatzen du, ez ditu bere nagusiak errespetatzen, eta, lan egin behar duen bitartean txutxumutxuka aritzen da. Gazteak ez dira zutitzen adinekoak gelara sartzen direnean. Gurasoei kontra egiten diete, harropuztu egiten dira gizartean, mahaian postreak irentsi egiten dituzte, hankak gurutzatzen dituzte eta irakasleak tiranizatzen dituzte". Lehen ere bazegoen jende bihurria eta orain ere bai. Orain, igual beste era batera, mobilekin, ziberbullynga dago, Inteligentzia Artifiziala… Bestalde, ni kezkatzen nau bereziki, azkenaldian telebistetan eta egunkarietan ere esaten dute, bere buruaz beste egiteko dagoen joerak, ez bakarrik gazteen artean, pertsona helduen artean ere bai. Beti egon da joera hori, baina orain, esaten ari direnez, handitzen ari da. Nire ustez, gauza asko daude horren atzetik. Bestalde, uste dut pandemiak, etxean egote horrek eta bakardadeak ez duela lagundu. Nik uste dut ez digula onik egin ez gurasooi, ez irakasleei eta, batez ere, ikasleei.
Inplikazio falta ere egozten zaie gazteei.
Badaude batzuk segituan besteei laguntzeko prest daudenak. Gaur bertan ikasle berri bat etorri da, ez daki ez erdaraz ez euskaraz hitzik ere, neska batzuk hurbildu dira harengana eta patiora ere lagundu diote.
Zelan bizi dituzue gero eta ugariagoak diren egoera horiek?
"Ni, adibidez, orain Txinara edo Errusiara joan behar izanez gero, zeharo galduta egongo nintzateke"
Ez da erraza. Ez guretzat, baina batez ere eurentzat. Bestearen tokian jarri behar dugu. Ni, adibidez, orain Txinara edo Errusiara joan behar izanez gero, zeharo galduta egongo nintzateke. Pentsa, hona etorri berria den neska horrek ez daki ez erdaraz, ez euskaraz eta anaiak ingelesa zerbait omen daki. Gaurko kasuan, beste ikasle batek egin du beraren eta nire arteko itzultzaile lana. Oso gogorra da eurentzat.
Urte asko eman dituzu bai Soraluzeko institutuan eta baita Azkoitiako Ikastolan ere. Zein alde on ikusten diozu horrenbeste urte leku berean egiteari?
Gustura baldin bazaude, aberasgarria da eta ez bazaude gustura, ba hobe aldatzea. Soraluzeko Institutuan, adibidez, aurten ere lauzpabost irakaslek errepikatu egin dute; nahiz eta Soraluzeko Institutuan plaza finkorik ez izan, itzuli egin dira. Bestalde, hemen egon dira urtetan irakasle donostiarrak, urrutitik etortzen, Zarautzen-eta gertuago izan arren lan egiteko aukera. Klaustroan elkar ezagutzea, ikastetxea ezagutzea alde handia da. Soraluzeko ikastetxea nahiko txikia da eta horrek lagundu egiten du. Beste klaustro batzuetan, adibidez, ehun eta piku dira eta ez dute elkar ezagutzen.
Hezkuntzan 40 urte egin dituzu. Nola ikusten duzu gaur egungo Hezkuntza sistema?
Hezkuntza sistema ez dakit, baina, adibidez, euskara aldetik ez duela funtzionatzen garbi dago. Baina niretzat, kasu horretan, arazoa ez da hezkuntza, da gizartea-edo. Plaentxian, adibidez, nik urte hauetan sumatu dut asko jaitsi dela elkarren artean euskaraz hitz egiteko joera; nahiz eta gazteak euskaraz jakin eta haren etxean guraso biek euskaraz jakin, gazteen elkarren arteko harremanak euskaraz izatea asko jaitsi da, Plaentxian asko, nire ustez.
Akaso, Azkoitian egoera desberdina da?
Azkoitiara, adibidez, pakistandar asko etorri direla uste dut, txikiek segituan ikasten dute, kaleko giroa euskaraz delako. Baina gero, 15 urterekin-eta, euren artean taldeak egiten dituzte eta orduan… Ez da batere erraza.
Hezkuntza Legea dela-eta, eztabaida beroak sortu dira publikotasunaz, segregazioaz, hizkuntzaz… Zer iritzi duzu zuk?
"Hezkuntza geuk egin behar dugu"
Nik uste dut hezkuntzan gizarte osoak inplikatu behar duela. Adibidez, gurasoek, ikasleek eta irakasleek bat egin beharko genuke eta talde lana egin. Hezkuntza geuk egin behar dugu.
Uste duzu Soraluzeko Institutuan badagoela aukera horretarako? Zelan edo non landu daiteke, adibidez, inplikazio hori?
Ikastetxe txikia izanda, bai. Eskola Kontseiluetan, tutoreak ikaslearekin eta gurasoekin izaten diren bileretan, klaustroan…
Urte asko egin dituzu irakasle moduan. Oso estimatua zara zure ikasle izandako askoren artean; zer da irakasle ona izatea?
Irakasle ona da, nire ustez, ikasleak aurrera egin dezan lortzen duena; ez ikasketetan bakarrik, baizik eta pertsona moduan aurrera ateratzen laguntzen diona.
Baina hori Magisteritzan ez da irakatsiko, ala?
Ez dakit. Nire ustez, lana gustukoa izan eta lanean giro ona izatea garrantzitsua da.
Zuk lortu duzu halako emaitza pozgarririk?
Ikasle batzuekin lortzen duzu. Beste batzuekin ez, eta orduan… Pena handia sentitzen da, ez bakarrik zuk, gurasoek ere asko sufritzen dutela ikusten duzu.
Zela bizi duzu jakitea askok estimatzen zaituztela?
Bueno, batzuek estimatuko naute, baina beste batzuek ez. Dena den, lehengo egunean batek kaso egin zidan, 20 urte elkar ikusi gabe egonda, eta horrek poz eman zidan; nik ez nuen ezagutu.
Zer eman dizu zuri irakasle izateak?
Niri irakasle izateak jende askorekin harremanetan jartzeko eta jende desberdin asko ezagutzeko aukera ematen dit, irakasleak, gurasoak eta ikasleak.
Aldiz, zer egin zaizu etsigarri?
Ikusten duzunean ikasle batzuek gaizki bukatzen dutela, nahiz eta denok, gurasoak barne, asko ahalegindu. Niretzat, agian, hori da gogorrena.
Halakoak beti egon izan dira ala ugaritu egin dira?
Beti egon dira. Lehen beste irteera batzuk zituzten, 14 urterekin lanera joaten ziren. Orain kalean ikusten ditugu.
Zein oroitzapen gordeko duzu Institututik?
Oroitzapen oso onak. Adibidez, irteeretan, Lizarrustiko lezezulotik ateratakoan denak txerri eginda zelan egoten ginen, Gabonetan, berriz, baserri batetik astoa ekarri nahi genuen eta San Andres aldeko paso kanadarra pasatzeko egindako ahaleginak… Irteera asko eta asko.
Eta Soraluzetik, zein oroitzapen?
Soraluzetik oso oroitzapen ona eramango dut. Oso ondo hartu ninduten/ninduzuen eta oso gustura nago Soraluzen, bestela alde egingo nukeen aspaldi. Orokorrean, oso jende jatorra.
Gabonetan hartuko duzu erretiroa; zelan bizi dituzu laneko azken hilabeteak?
Normal, iaz ez nion inori esan, gero irakasle batek komentatu zuen ikasleen artean. Baina aurten bai. Irakasle ondarrutar bat ere badago nire jardun erdia betetzen. Baina ez dut pentsatzen erretiroan. Pentsatzen dudana bakarrik da urte asko ditudala, 63 urte. Bestela, nahiko gustura etortzen naiz ni hona.
Ez duzu pentsatzen hau edo haura egingo dut erretiratzen naizenean?
Ez. Ama daukat, aita iaz hil zen, gaur ere amarekin egon naiz. Bestalde, nik ez daukat aspertzeko denborarik normalean, irakurri edo musika entzun edo mendira joan…