Hurrengoan berriro

Ubane Madera Zangitu 2023ko abe. 13a, 11:26

Atzo, “oso pozik” eta gustura gauzatu zuten Goazen, Soraluze! kirol orientazio zerbitzutik egindako lehen Ibilaldi Osasungarria. 22-23 bat lagunek parte hartu zuten eta antolatzaileen esanetan, partehartzaileek beste ibilaldi/ekimenen bat egiteko eskatu zieten.

Atzo goizean, plazan elkartu eta bidegorritik, Osintxurako joan-etorria egin zuten 22-23 bat lagunek. Bueltan, zain zuten plazako karpapean frutaz, fruta-lehorrez eta zukuz osatutako gosari osasungarria.

Ideia berriak

Goazen, Soraluze! kirol orientazioak antolatu zuen ibilaldia eta gustura geratu dira herritarren erantzunarekin. “Jendea oso pozik, beste bat eskatzen; ideiak ere eman zituzten, adibidez, Itxaropena Erretiratuen Elkartekoek eta hor ari dira begira hurrengo zer ekintza antolatu, beste ibilaldi bat, hitzaldiren bat…” esan du Maria Gallastegi kirol teknikariak.

Hark gaineratutakoaren arabera, partaidetzarekin ere pozik geratu dira; partaideen kopuruaz aparte, ibilaldira joan zirenen artean kirol orientazio zerbitzuko erabiltzaile ez zirenak ere baziren eta haiek ere animatu ziren aurrerantzean kirol orientazio zerbitzuan parte hartzera.