Asteleheneko elkarretaratzean aurkeztu zuten gutxieneko pentsioen osagarriaren alde tokian tokiko pentsiodunen mugimenduak herriz herri aurkezten ari diren mozioa. Jakinarazi zutenez, orain arte aurkeztutako udalerrietatik, 16tan onartu egin dute eta hirutan baztertu. Halaber, esan zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan gaur eztabaidatuko dutela mozio berbera.
Soraluzeri dagokionez, abenduaren 20an egingo den osoko bilkuran aurkeztuko dute. Bi eskaera ditu mozioak:
- Nafarroako eta EAEko Legebiltzarrei eta Gobernuei eskatzea gutxieneko pentsioa osa dezatela 1080 €-ra arte 14 ordainsaritan, 2023ko urtarriletik aurrerako atzerakinarekin.
- Nafarroako eta EAEko Legebiltzarrei eta Gobernuei jakinaraztea osoko bilkuran hartutako erabakia.
Pentsioen Sistema Publikoaren erreforma
Mozioaz aparte, asteleheneko elkarretaratzean, aztergai izan zuten, baita ere, Espainiako gobernu berria eta hark aplikatuko duen Pentsioen Sistema Publikoaren erreforma. Labur esanda, pentsiodunen mugimendua “kritiko” da erreformarekiko, lau arrazoirengatik:
- “2011n ezarritako murrizketei eutsi eta handitu egin zaielako;
- Pentsio-funts pribatuak indartzen dituelako.
- Pentsioak azken hamabi hilabeteetako batez besteko KPIarekin eguneratzen direlako (% 3,8), eta horrek erosteko ahalmena galtzea dakarrelako.
- Gutxieneko pentsioak LGSLanbide arteko Gutxieneko Soldata kontuan hartuta igotzeko konpromisoa betetzen ez dutelako”.