'Goazen Soraluze!'

'Ibilaldi Osasungarria' egingo dute martitzenean

Ubane Madera Zangitu 2023ko abe. 10a, 08:39

Anje Eskarza, 'Goazen Soraluze'-ko aholkularia Tolarekuan, joan zen martitzenean. .

Abenduaren 12an, martitzena, 10:00etatik 11:30ak arteko Ibilaldi Osasungarria egingo dute, Goazen, Soraluze! kirol orientazio zerbitzutik antolatuta. Bidegorritik Osintxura joan eta buelta izango da ibilbidea eta "erritmo lasaia" izango dutela jakinarazi zu Anje Eskarza kirol orientatzaileak. Parte hartzeko nahikoa da egunean bertan 10:00etan Plaza Berrian azaltzea , paseatzeko "arropa erosoarekin", gomendatu dute. Ibilaldia amaitzean, "hamaiketako osasuntsua" egingo dute Plaza Berrian.

Ibilaldi horrekin borobilduko du urtea Goazen Soraluze! ekimenak eta aldi berean, ekimenerako "jende gehiago erakartzeko" baliatu nahi dute, Anje Eskarzak esplikatu duenez.

Aholkularitza, indar ariketak…

Hark emandako datuen arabera, Goazen, Soraluze! zerbitzua aurtengo martxoan jarri zen martxan, herritarren artean kirol eta jarduera fisikoa bultzatzeko, batik bat osasunaren ikuspuntutik. Ordutik hona, 60 bat soraluzetar pasa dira kirol orientazio zerbitzutik. "Osasun-etxetik hainbat pertsona bideratzen dituzte, bi astetik behin bizpahiru lagun berri etortzen dira. Horrez aparte, jendea bere kabuz ere ari da etortzen zerbitzura". 

Goazen, Soraluze! ekimenaren baitan, Anje Eskarza Tolarekua aretoan egoten da martitzenero, 09:00etatik-13:00etara eta 14:00etatik 16:00etara eta bi astean behin anbulatorioan 11:00etatik 13:00etara kirol orientazio zerbitzua eskaintzen. Berez, zerbitzu hori pertsona inaktiboei zuzendutakoa da, baina aktibo izanda, kirol jarduera hobetu nahi duena ere bertara daiteke.

Horrekin batera, martitzenetan, 09:30etik 10:15ak arte indar ariketak egiten dituzte taldean, Arane kiroldegian. Gaur egun, 16-18 bat lagun parte hartzen ari da ariketa horietan, eta, dagoen interes altua ikusita, aztertzen ari dira zerbitzu hori eguenetan ere eskaintzeko aukera izango litzatekeen.