Atzoko elkarretaratzean, “poztasuna” erakutsi zuten pentsioek 2024ko urtarriletik izango duten igoerengatik. Dena den, uste dute igoera horiek ez direla nahikoa, batik bat, igoerak igoera, ez dutelako berreskuratuko galdutako erosteko ahalmena.
Datutan, adierazi zuten “egingo den %3,8ko eguneraketarekin, kotizaziopeko pentsioa gutxienekotik gora duten pentsiodunek azken hiru urteetan izandako %4ko galera metatuarekin jarraituko” dutela, “soilik inflazioaren hazkundea kontuan hartuta. Baina larriena da nola jarraituko duten kotizaziopeko gutxieneko pentsioek 2024an, %6 igotzen badira. Ezkontiderik gabeko 65 urteko edo gehiagoko pentsiodunak 830 euroko pentsioa izango du. Eta 65 urtetik beherako pentsiodunak, ezkontiderik ez badu, 776,5 euro jasoko ditu”.
Pentsioen igoeraz aparte, atzoko elkarretaratzean azaroaren 30ean egindako Greba Feminista Orokorra ere izan zuten hizpide. Oso balorazio positiboa egin zuten hartaz, esanez, besteak beste, “mugarri bat” izan dela “zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldeko borrokan”.