Durangoko azoka

Gaztelupek sei nobedade eskainiko ditu Durangon

Ubane Madera Zangitu 2023ko abe. 6a, 09:01

Ache Pa Ti taldea. Argazkiak: Gaztelupeko Hotsak.

Soraluzeko Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak sei disko eroango ditu aurtengo Durangoko Azokara (Zabaltzenen standean izango dira salgai). Euskal musika doinu latinoekin, jazz-a, euskal tradizioaren eta melodien egokitzapenak, Nick Caven bertsioak... 

Sei disko horietatik bi Gaztelupeko Hotsak zigilupean argitaratutakoak dira: Txuma Murugarren entzutetsuarena eta Ache Pa Ti taldearena. Beste hirurak, berriz,   Errabal Jazz zigilupean argitaratu dituzte: Javier Lopez Jaso, Iosu Izaguirre Sextet, Giulio Ottanelli Quartet eta Nevermin Quartet. 

Txuma Murugarren: Gautegia 

Gaztelupeko Hotsak-eko Joxe Felix Azkarate Xarrak nabarmendu duenez, "Gautegia/Nocturama Txuma Murugarrenen diskografiaren mugarri da orain eta gaurtik aurrera. Bere Nick Cave-rekiko mirespen eta lilura azaltzeaz gain, Txuma bera, egile eta sortzaile berezi bezala dagokion lekuan jarri dezakeena eta jarriko duena. Handien artean, nola ez." 

Ache Pa Ti: Bilakatzen 

Jazz latino eta kubatar sustraiko musikarekiko zaletasuna Euskal Herriko kultura eta folklore tradizionalarekin uztartzen dituen Ache Pa Ti talde iruindarrak , berriz, Bilakatzen izeneko bigarren diskoa  argitaratu du. Bertan, "bereziki deigarria da txistuaren presentzia eta garrantzia, bera baita nagusi eta gidari doinu gehienetan, erraztasun eta naturaltasun txundigarriz moldatuz era guzietako doinu eta erritmo latinoetara. Ache yoruba hizkuntzako hitza da eta Ache pa ti esaerak zorte on eta zoriontasun nahia adierazten du", azaldu du Xarrak.

Javier Lopez Jaso: Zimelezin

Bestalde, Azkarateren esanetan, Oiartzungo Mecca estudioetan grabatutako proposamenarekin dator Javier López Jaso soinujole nafarra Zimelezin diskoarekin. Mikel Andueza saxofonista, Marcelo Escrich kontrabaxua eta Dani Lizarraga bateria-jotzailea moduko musikari eta lagun handiez inguratuta, bidaia moduko bat planteatzen du. "Javier beraren kantu originalekin batera, euskal tradizioaren erritmoen eta melodien egokitzapen bikain eta sofistikatuak eta mitologia kutsuko kantu herrikoiak (Axuri Beltza, Txoria txori) aurki ditzakegu bertan".

Iosu I. Sextet: Mingus Mood  

Iosu Izaguirre Sextet taldeari dagokionez, "Mingus maisuaren musika disekzionatu eta osagai txiki eta sinpleenetara murriztu du, haiekin omenaldi modukoa eraikiz eta “guztiz Mingus” bat aurkeztuz", dio Gaztelupeko Hotsak-eko Xarrak. Gaineratutakoaren arabera, Iosu Izaguirrek konposatutako zortzi doinuz osatutako lana da Mingus Mood, Gasteizen 2022an grabatuta, Vital Fundazioaren Araba Aretoan.

Giulio Ottanelli Quartet  

Getxoko Jazzaldien 46. edizioan talde onenaren saria Giulio Ottanelli laukoteari eman zitzaion. Parisko goi mailako kontserbatorioan ezagutu zituen. Jeremie Lucchese (saxo tenorra), Cyril Drapé (kontrabaxua) eta Emile Rameau (bateria), eta eurekin sortu zuen laukotea eta eurak ere izango dira presente Duangoko azokan. "Taldearen musika, euren emanaldiak hain erakargarri egiten dituzten melodia luzeetan oinarritzen da"., dio Xarrak.

Nevermind Quartet 

Azkenik, Xarrak nabarmendu duenez, Euskal Herriko jazz eszenan presentzia handiko musikariak diraNevermind Quartetekoak. Hasier Oleaga The Heckler-en, Teresa Zabalzaren boskotean edo Ruper Ordorikaren eta Mikel Laboaren ondoan aritu izan da, Julen Izarra Trizak taldean, Jorge Abadías hainbat ekimen biltzen dituen ibilbide luzearen jabe da eta Aritz Luzuriaga Bilboko JC Arriagako kontserbatorioko irakaslea da, besteak beste. 

Erlazionatuak