DURANGOKO AZOKA

Domekara bitartean, fantasiaz beteko da Durangoko Azoka

Ubane Madera Zangitu 2023ko abe. 5a, 09:01

Euskal kulturaren egutegian ezinbesteko hitzordua den Durangoko Azokak abenduak 6tik, abenduaren 10era bitartean izango ditu ateak zabalik. Iragarri dutenez, 265 ekitaldi egongo dira aukeran, eta 950 nobedade eskura. Besteak beste, Gaztelupeko Hotsak Soraluzeko zigiluaren produktuak izango dira bertan eta Joanes Iñurrieta soraluzetarra kide duen Muzak taldeak domekan kontzertua eskainiko du Ahotsenean.

Durangoko Azokan izango diren 950 nobedade horien artean, 689 liburu, 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari, eta bestelako 40 ekoizpen izango dira. Antolatzaileek nabarmendutakoaren arabera, esanguratsua da musika produktuen hazkundea, iaz baino 38 ale gehiago izango direlako. Nobedadeen harira, berriz, aipagarria da komikiak eta ilustrazioak hartu duten indarra. Berrikuntza lez, marrazkilarien lana zuzenean erakutsiko da pantailen bidez.

Bihar eguaztena, 10:30ean zabalduko dute azoka, egunero, 20:00ak arte izango da zabalik, salbuespen batekin, azken egunean, abenduaren 10ean, 18:00etan itxiko baitute.

Azokaren EGITARAUA HEMEN IKUSGAI.

NOBEDADEAK HEMEN IKUSGAI.

Doako autobusa

Azokara bertaratzeko garraio publikoa erabiltzeko gomendatu dute. Autoa erabiliko dutenek, berriz, doako autobus zerbitzu bat izango dute aukeran, Iurretako autopista irteerako aparkalekuetatik Landako ondoko Olleria kaleraino. Autobus zerbitzua abenduaren 6tik 9ra, lau egunetan eskainiko da, 10:00etatik 20:00etara arte, ordu erdiro.

Online salmentarik ez

Bestalde, aipatu beharra dago, aurten, Durangoko Azokak aurrez aurreko formatuaren erabateko apustua egin duela, 2020an, pandemiaren eragindako egoerak behartuta abian jarri zuten online azoka ereduaren leihoa itxiz. 
Antolatzaileek esandakoaren arabera, iaz, azoka presentziala indartu zuten, eta, erabiltzaileek ere aukera hori lehenetsi zuten. “Hori dela eta, aurten aurrez aurreko azokaren aldeko apustu osoa egingo dugu. Online ereduaren leihoa itxiko dugu. Hala ere, pertsiana guztiz bota barik; izan ere, etorkizunean horren premia egonez gero, egoerara egokitzeko adi egongo gara”, esplikatu zuen Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko korrdinatzaileak. .
Hurrengo astean zabalkundea 

Hori bai, gogora ekarri dute azokaren osteko astean, Zu non, han DA! ekimenaren bitartez, Euskal Herri osorako zabalkundeari jarraipena emango zaiola. Ekimen horri esker, Durangoko Azokako nobedadeak eskuragarri egongo dira Euskal Herriko hainbat liburu dendatan. Horietako zenbaitetan, gainera, liburu aurkezpen bereziak antolatuko dituzte.

58 urte azoka egiten

Fantasia DA! leloarekin dator aurten, Nerea Mujika Gerediagako gerenteak esplikatutako moduan: “Fantasia da sortzaile berrien ilusioa, liburuen usaina, diskoen kolorea, kulturazaleen irribarrea, boluntarioen lana, aspaldi ikusi gabeko lagunekin topatzea, sormen bakoitzaren istorioan dagoen magia, jende alaiaren berbaroa, bizigogoa, kulturaren beroa”.

Dagoeneko 58 urte igaro dira azokaren hasierako bultzatzaileen amets hartatik, "fantasia hura errealitate bihurtu zen eta gaur egun euskal kulturaren egutegian ezinbesteko hitzordua dugu".

Mujikak gaineratutakoaren arabera, “Euskal kulturari bultzada emateko asmoz, Durangoko Azoka jendetsu eta aberatsa izatea, horixe da gure fantasia”.