Atzo, goizean goizetik nagusitu zen hockey giroa kiroldegian eta inguruetan. Etxeko Marras eta Bergarako Burdinola taldeetako jokalari gazteenen eskutik etorri zen lehen partida. Hortik aurrera, ia 15:00ak arte jardun zuten Gipuzkoatik, Bizkaitik zein Arabatik bertaratutako hockey taldeek nork baino nor iaioago. Arratsaldean, berriz, segi egin zuen hockey jaialdiak iluntzera arte, kasu horretan, lagunarteko partidak jokatuz.
Ekimenaren antolatzaile Marras Irristaketa Taldearen esanetan, “oso ondo” joan zen jardunaldia kirol ikuspuntutik. Osterantzean, berriz, hiru gauza azpimarratu dituzte. Batetik, Udalaren laguntzari esker jarritako azpiegitura berriak estreinatu zituztela (esandakoaren arabera, gehiago ere jartzeko da Udala); bestetik, Marras taldeko jokalarien familiek egindako lana. “Boluntario pilo bat eduki genituen egun guztian zehar, eta, horrela jardutea ederra da!!!”, eta, azkenik, Marraseko hiru jokalari gaztek arbitro lanak egin izana Unai Ruizek eta Aiuri Gisasolak goizez eta Lur Salaberriak arratsaldez.
Azkenik, jakinarazi zuten errifako zozketaren zenbaki irabazlea izan zela 00154 eta tokatu zitzaiola alebinetako Marraseko jokalari baten aitari, Eibarko Gaxan Kortazarri.