Presen auzia

Prozesu narras eta negargarrixa

Alex Gartzia Zabaleta 2023ko abe. 2a, 09:30

Izan be, ezpainak jaten ixilik gorde ezindakuekin gatoz. Irakurle, gogoratu deigun, eskua altxatuz eta ezetza adieraziz, interes ustelik ez daukan eta ibai asuntuan benetako aditua dan Jose Mari Igartuak aurreko ekitaldi baten hain garbi ta ozenki esandakua: “Presak apurtu ezkero, ibaixa hil eingo da.”

Plazentzian dagozen lau presetatik biri dagokionez, Merlin proiektua sala-eta abiatutako prozesua kudeatzeko erantzunkizuna daukatenek engainua, adar-jotzea eta pentsakeren manejua be erabiliaz, ardura eta adore falta argia agertu dabe. Soraluzetarren parte-hartze itxuroso bat be egon da, prozesu horretan faltsutu dana.

Material-inmaterial ustezko talka-nahaste horretan, ez dakigu argi eta garbi Udalak zer eskatu zotzan Aranzadiri. Txostenean luze-luze esplikatuta presek balixo material eskasa daukatela esan zan; balixo inmaterial eta kulturalari edota iraganari dagokionez, ostera, bi berbatan balixoa badaukatela. Horretaz aparte, ez da balekua kanpotik etorri eta kiribil-
pedagogiko eta erretoliken bitxartez “ibai-askapenak” ezarri nahi izatea. Ibaixa jaungoikotzeak ez dau balixo, haren ingurua beti izan dira jardunak eta gizakia. Herriko errolda-liburua bera be koipeztu arteraiñokuak eta beste “garbikerixak” ez dira egiazkuak.

Gure ibai honen inguruan sortu eta garatu zan Soraluze. Egite horretan, presek ahalbidetu eta lagundu besterik ez dabe egin. Ingurumenarentzat kaltegarri diran artifizioen zerrendan, presak atzean datoz. Gaur egun ezagutzen doguna izateko, frutu franko emon deben asmakizun borobil eta ezinbesteko hoien kontra, ekinaldi indartsuan dihardue. Puntako adarren batetik azken frututxoren bat bilduko debelakuan, arbolia eratsi.

Prozesu horretan, disimulu haundiz ezkutatuta geratu dira lehen izan ziranak, gaur garanak, eta gero izango diran herritar ixa guztiak. Ameskeriazko lehengoratze horrekin, erreferendumari bildur-igesixan, inposaketa bat estaltzeko jostun-lan bat bihurtu da dana dalako prozesu hori; izan be, plazentziatarrenak diran ibai-eremuari eta ondareari buruzko erabakia aho batez hartzea oztopatzen du lan horrek. Azken baten, eskumenak aitzaki, horixe dauke helburutzat.

Erakundeek argitaratu ditxuzten datu okerrei ez jakue kasorik be egin, prozesuko konklusiñoetan. Presapeko bitsa garagardoarena dala esaten badabe be, danok belauniko sinistu ein bihar, orraitxiok... Jatorrixa Europan dauken eta Eusko Legebiltzarrak emondako Paisaiari buruzko Lege-akordioari eta Euskal Kultur Ondareari buruzko legeari aipamen txikienik be ez. Presak apurtzeari egokitutako prozesu zuzentzaile horren emaitza, azaleko edo iruzurtzat jo daiteke. Kontrapixu modura herritar banaka batzuen lana besterik ez da aurkeztu egitarauan. Ondare, kultura, geografia, hidrologia, historia eta biologia arloetatik beste ikuspuntu batzuk daukezen adituen iritziak ez ditxuzte bideratu, ezta aurkeztu be.

Herritar guztiek erabakian parte hartzeko aukerarik eukiko ez balebe, idea ona litzake: Olea aldeko ibai-esparruaren “askapena” egiten danerako, eta hori hain harro bultzatzen eta erabakitzen diharduten guztiak goguan euki eta begirunez txalotu daiguzen, ipini deila sinfalta, Udalak proposatu daben panelean, izen eta guzti, askapen-meritu horren jabe diranen argazki eder bat. Bestela, Deba baillara guztiko beste dometxa-prozesu bat musikatu deila edota erreferendumari ongietorrixa emon.

Ibaixakin batera Soraluze ziztrindu eta pobretzeko prozesuari begira ixilik dagozenak be, trajebañua, arpoia, peskarako aparejuak eta kiskillerua lehenbaitlen jiratzeko aholkua jaso deixiela. Presak botatzea negargarria izango da, baina “laster arrain asko eta asko ikusiko da, txipristin eta guzti”. Eta horretariko lodikote ugari harrapatzeko arrantza-txapelketak antolatuko dira. Berandu dabil Pescanova kañoi-fabrikan konserberia eta moskito-hirin errotia ipintzeko leku billa. Mundu guztia disparate esaka, ba geu be txandan.