EAEko 2024ko aurrekontu orokorrari dagokionez, asteleheneko elkarretaratzean salatu zutenez, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia kontseilariak “uko egin dio EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk gutxieneko pentsioak 1.080 eurotan osatzeko aurkeztu dituzten zuzenketa partzialak onartzeari”. Pentsiodunen mugimenduaren ustez, “arazoa da Gasteizko gobernuan dauden bi alderdiek ez dutela borondate politikorik hori onartzeko eta aplikatzeko”.
Bestalde, Espainian gobernu berria eratuko denez, jakinarazi zuten “Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, Estatuko beste erkidego eta herri batzuetako pentsiodunen plataformekin eta mugimenduekin batera, Estatuko Kongresu berriko talde politiko guztiengana” joko duela, “egiteke dauden pentsiodunen aldarrikapenak gogorarazteko”, batik bat, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.
Azkenik, bigarko Greba Feminista Orokorra babestu egingo dutela iragartzeaz batera, azpimarratu zuten aprobetxatuko dutela Pentsioen Sistema Publikoaren alde egiteko. “Ezin dugu onartu zaintza norberaren egoera ekonomikoaren araberakoa izatea, eskubide kolektiboa da, osasuna eta hezkuntza bezala, eta, ez dugu onartu behar zaintza negozio iturri izatea”.