Blues Hotsak jaialdia

Amy Winehouse-i «maitasun osoz»

Ander Gomez 2023ko aza. 29a, 14:00

Pasa den domekan, Amythology tributu taldearen kontzertuak eman zion amaiera Blues Hotsak jaialdiari, —edizio honetan proiektatutako Amy filmarekin batera— Errabal Kultur Elkarteak Amy Winehouse-i egin nahi izan dion omenaldia borobilduz.

Argazkiak: Juan Fernandez (IG: @juan.fconde)

Amythology tributu taldeak itxi zuen Blues Hotsak jaialdia azaroaren 26an, domeka. Hasi aurretik garbi utzi nahi izan zuten «Amy handia ez dela inolaz ere imitagarri» eta proiektua artistari «maitasun osoz egindako omenaldi xumea besterik ez dela».

Zortzi lagun igo ziren Antzokiko taula gainera, guztiak praka beltz eta alkandora zuri abeslaria izan ezik, Winehousen look bereizgarria zeremala soinean, zelan bestela. Taldea sortzez madrildarra izan arren, Errukine Olaziregi abeslaria donostiarra da eta euskaraz jardun zuen emanaldi osoan zehar: «(taldekideek) ez dakite zer esaten ari naizen», buelta eman eta haiei begira esanda «por ahora nada malo», barrez.

Emanaldi osoan zehar elkarri egindako keinu konplizeek eta adarjotzeek agerian utzi zuten, proiektuaz haratago, elkarrekin jotzeaz disfrutatzen duten lagun minak direla. Publikoarekin ere aritu ziren txantxetan «Negar egiteko kantu mantso bat falta da bakarrik, orain martxosoak datoz eta —denak tristeak direnez— negar egingo dugu baina saltoka». Eta halaxe bukatu zuen antzokiak, Rehab mitikoa entzun ostean, Winehousek bertsionatzen zuen Monkey Man kanta dantzatzen, ska erritmoan.


Taldekideak publikoa agurtzen, kontzertu amaieran. Argazkia: Juan Fernandez.

Soraluzeko kontzertu hau Euskal Herrian jotako lehena zela adierazi zuen Olaziregik, «oso pozik» zeudela eta «azkena ez izatea» espero zutela.