Barikuan, 40 bat herritarrek babestu zuten euskal presoen aldeko elkarretaratzea. Bertan, berretsi zuten “salbuespenezko legeriari amaiera emateko eta euskal preso, iheslari eta deportatuei behingoz espetxe-politika arrunta aplikatzeko beharra plazaratu” nahi dutela atzera ere. Gaineratu zuten bide horretan “aurrera” doazela “oztopo guztien gainetik eta nahi baino mantsoago baldin bada ere, euskal gizartearen bultzadak fruituak ematen” ari dela “zalantzarik gabe”.
Ildo horretan, datozen egunetan eta asteotan mobilizatzen segituko dutela jakinarazi zuten; besteak beste abenduaren 9an, Durangoko Azokara eramango dute “Giza Eskubideen defentsa eta horretarako, Sarek, Kultur Giltzak ekimen partehartzailea burutuko du, goizean zehar luzatuko dena eta Landako ondoko tximiniaren ondoan argazki herritar bat eginez bukatuko dena”.
Baina lehenago, beste hiru hitzordu mahai gaineratu zituzten. Batetik, sakabanaketaren eraginez izandako biktimak gogora ekarriko dituzte bihar eta etzi. “Azaroaren 28 eta 29an, modu ofizialean aitortuak izan daitezen, bai Sara Fernandez eta bai haren moduan sakabanaketaren eraginez hildako gainontzeko 15 biktimak, urratsak ematera deitu dute Sara Gogoan eta Iruñeko hainbat kultur eta gizarte eragilek”.
Eta bestetik, eguenean, Greba Feminista Orokorraren bueltan, gogora ekarri zuten gaur egun 21 euskal preso emakumezko daudela eta “zaintza eskubide kolektiboaren aldeko proposamen horretan, emakume presoak pairatzen duten zigor sozial, pertsonal eta penalaz mintzatu” behar dela berriro ere. “Eta presoen zaintzaren ikuspuntutik, espetxea tarteko, zaintza lanak emakumearen bizkar suertatzen” direla beti ere.