Blues Hotsak jaialdia

Diven asteburua: Gisele Jackson atzo, Amy Winehousen tributua gaur

Ander Gomez 2023ko aza. 26a, 15:30

Gisele Jackson diva estatubatuarrak kantatu zuen atzo, The Shu Shu's talde katalanak lagunduta. Gaur, Amythology tributu taldeak Amy Winehouse diva britaniarraren kantak interpretatuko ditu, 19:00etan hasita, Antzokian.

Argazkiak: Juan Fernandez (IG: @juan.fconde)

Atzo, zapatua, Gisele Jackson artistak kontzertua eskaini zuen Antzokian, Blues Hotsak jaialdiaren eta Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren egitarauaren parte.

Emanaldia hasi aurretik, hiru "arau" jarri zizkion publikoari, «Kantua dakienari: kantatu; gogoa daukanari: astindu buztaneko lumak (ingelesezko esaera "dantzatu" esateko); eta denentzako agindua: disfrutatu». Oreka mantendu beharra zegoen ordea, disfrutatu eta dantzatu bai, baina baita gelditu eta adi entzun ere, miretsi, Jacksonek abesteko duen zentzugabeko gaitasuna eta Shu Shu hirukoteak inprobisatzeko duen trebezia; gitarrak, bateriak eta organoak bat eginda.

Divaren show-woman rola ere itzela izan zen. Nabarmentzekoa, gitarrista eta Jackson beraren arteko lehia: batak abesten zituen notak, besteak asmatu behar zituen gitarran; edo publiko artera jaitsi eta bikote bat dantzara atera zuenekoa.

Gisele Jackson bikoearekin dantzan
Bikotea dantza pausoak ikasten. Argazkia: Juan Fernandez.

Bukatzean, publikoak «beste bat» eskatu eta beste bi eskaini zituzten Jackson eta Shu Shu-ek, jendez gainezka zegoen Antzokia txalo zaparrada batean lagata.

Amythology gaur

Amy Winehouse-en doinuekin amaituko da aurtengo Blues Hotsak jaialdia,19:00etan, Antzokian.

Amythology tributu taldea 2015ean sortu zen, Madrilen, «musika beltzaren azken diva handia izan zen Amy Winehouse-en omenaldi gisa». Zortzi taldekide dira eta Britainia Handiko artistak zuzenean eskaintzen zituen instrumentazioa eta errepertorioa errespetatzen dituzte «imitazio hutsa saihestuz, leial eta zintzoki interpretatuz».

Oharra: Geratzen diren sarrerak Antzokian bertan erosi ahalko dira, emanaldia hasi baino lehen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.