Blues Hotsak jaialdia

«Zuek zaituztet taldekide gaur»

Ander Gomez 2023ko aza. 25a, 18:00

Depedro musikariak kontzertua eskaini zuen atzo, Blues Hotsak jaialdiaren baitan, eta Antzokiko eserleku guztiak bete zituen. Gaur, Gisele Jackson & The Shu Shu's organ trioaren txanda izango da, 19:00etan hasita.

Argazkiak: Juan Fernandez.  (IG: @juan.fconde)

Kontzertuak bueltatu dira Antzokira, Blues Hotsak jaialdiaren azken txanpan, eta Depedro izan zen lehena.

Gitarra eskuan besterik ez zuela, aparteko boloa eskaini zuen. Ikuslegoa bereganatu zuen berehala: instrumentuarekin duen abileziak, taula gainean erakutsitako presentziak eta kantuen arteko solasaldietan izandako umore puntutxoak publikoa piztu zuen, gertukoenetik Antzokiko sabaia ukitzera ailegatzen zen harmailetako azkenengora arte. Abestietako koru guztiak egiten zituztela ikusita, «Gaur ez nabil bakarrik jotzen, zeuek zaituztet taldekide» eta «horrela jarraituz gero, biran eraman beharko zaituztet...» bezalakoak bota zizkien entzuleei; eta berauek, "Makina!", "fenomeno!" eta txalo artean agurtu zuten.

Emanaldi ostean zaleekin elkartu zen Depedro, Antzokiko sarreran, argazkiak ateratzera eta diskoak sinatzera.


Argazkiak: Ander Gomez.

 

Gisele Jackson diva gaur

Egungo musika beltzaren ahots garrantzitsuenetakoa da Gisele Jackson. Mundu osoan abestu du (Asian, Amerikan, Europan, Afrikan), AEBko klub eta ekitaldi garrantzitsuenetan (Hollywood-eko zeremonietan, Bill Clinton-en inbestiduran), ikus-entzunezkoetan ('First Wives Club' filmean, Johnnie Walkerren mundu mailako kanpaina komertzialean) eta diva izendatu zuen Billboard aldizkariak.

Gaur eskainiko du kontzertua Antzokian, 19:00etan hasita, jazz-funk-blues Shu Shu's organ trioak lagunduta.
Oharra: Oraindik badago sarrerarik salgai. Antzokian bertan erosi daitezke emanaldia hasi aurretik.