Gaur, barikua, Depedro musikariak kontzertu akustikoa eskainiko du Antzokian (20:00etan), Blues Hotsak jaialdiko ekitaldien parte.
Jairo Zavala (Madril, 1973) gitarrista, ekoizle eta estudioko musikari izandakoa da talde askoan: Amparanoia, Vacazul, Calexico... 2007an bakarlari gisa hasi zen arte, Depedro izenpean. Geroztik, blues eta rock zaleen artean erreferente bihurtu da, bai estatu mailan, bai Ameriketan; eta ez bakarrik Latinoamerikan, Estatu Batuetan ere bai, Calexico taldea bertakoa denez, Arizonakoa.
Gainera, bira amaierako kontzertua izango da gaurkoa. Etenaldia egingo du gero, bere hurrengo lanen sorkuntzan murgiltzeko. Errabal Kultur Elkarteko antolatzaileek adierazi dutenez «Mirari txiki bat da nazioarteko maila duen musikaria gure herrira ekarri ahal izatea».