Bankoa Abanca-El Diario Vasco torneoko final laurdenak jokatuko dira gaur, Araneko frontoian

Ubane Madera Zangitu 2023ko aza. 24a, 09:47

Beñat Zubizarreta ataundarra. Argazkia: Diario Vasco (Michelena).

Gaur gauean, barikua, pilota jaialdia izango da Araneko frontoian. 21:00etan hasita, neskek lehenengo, promesek gero eta azkenik seniorrek XXXII. Bankoa Abanca-El Diario Vasco torneoko final-laurdenak jokatuko dituzte. Azken orduko lesioak tarteko, Senior mailan, Jon Lazkozek Carmelo Loza ordezkatuko du eta Promesen mailan, berriz, Markel Calvok Julen Sotil ordezkatuko du.

Gaur, 21:00etan hasiko da XXXII. Bankoa Abanca-El Diario Vasco torneoa, Araneko frontoian. Emakumezkoak kantxaratuko dira lehenengo. Eskuz banakakoa jokatuko dute Enara Gamindek (Laukiz, 2007) eta Mirian Arraizak (Donostia, 2005).

Promesas mailan aldaketak

Segidan, Promesen mailakoen txanda izango da. Kasu horretan, eskuz binakakoa izango da eta azken orduko lesioak tarteko, bikoteak egokitu egin behar izan dituzte Soraluzeko hitzordurako. Torneoaren babesleetako bat den Diario Vascok jakinarazi duenez, atzo gauean gertatu zen bigarren baja Promesen mailan. Julen Sotilek hatz txiki bat apurtu zuen eta horren ondorioz, Markel Calvok (Markina, 2007) jokatuko du Beñat Labakarekin (Azpeitia, 2005) batera, Oihan Etxeberriaren (Oiartzun, 2006) eta Ugaitz Apeztegiaren (Elizondo, 2006) kontrako partida.

Lazkoz Lozaren ordez

Aldaketekin dator, baita ere, Promesen ondoren jokatuko den Senior mailakoen partida. Kasu horretan, Jon Lazkoz arbizuarrak hartuko du Carmelo Lozaren lekua. Hori horrela, honako bikoteek jokatuko dute eskuz binakakoa: Beñat Zubizarreta (Ataun, 2005)-Antton Apezetxea (Goizueta, 2001) vs Julen Alberdi (Zizurkil, 2000)-Jon Lazkoz (Arbizu, 2000).