Datozen egunotan, hainbat udalerritako eta eskualdetako pentsiodunen mugimenduek mozioak sartuko dituzte tokian tokiko udaletan. Soraluzen halaxe egin zuten asteleheneko elkarretaratzearen ondoren.
Honako aldarrikapena babesteko eskaera egin diote Soraluzeko Udalari:
"EHPM-MPEHk egindako txosten honen bidez, 2023rako gutxieneko pentsioa 1.080 eurotan ezartzeko gure berehalako eskaria bultzatu nahi dugu. Eskari hori Estatuko Gobernuari zein EAEko eta Nafarroako gobernuei zuzentzen diegu; azken horiei, gainera, eskatzen diegu, gaur egun 783 eurotan dagoen gutxieneko pentsioa finkatzen ez den bitartean, gutxieneko pentsio hori 1.080 eurora arte osa dezatela hamalau ordainsaritan”.
Erosteko ahalmen txikiagoa orain
Eskaera hori arrazoitzeko, gogorarazten dute Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata (LGS) 641,40 eurotik 1.080 eurora igo dela, baina gutxieneko pentsioa 601,40 eurotik 783 eurora baino ez dela igo. Eta uste dute gutxieneko pentsioek ere LGSa izan behar dutela erreferentzia gisa. Gainera, onartezina iruditzen zaie 2011n Gutxieneko Pentsioan LGSren % 93,7 izatea eta 2023an % 72,5 izatea.
Soraluzeko Udalean, abenduan egingo dute hurrengo osoko bilkura eta orduantxe landuko dute pentsiodunen mugimenduak aurkeztutako eskaera.
Astelehenean, mozioa aurkeztu aurretik, ohiko elkarretaratzea ere egin zuten, Kontzejupean.