Asteleheneko protestan, hiru gai izan zituzten hizpide.
Batetik, jakinarazi zuten abenduan onartuko diren EAErako aurrekontuetan pentsioak 1.080 euroraino osatzeko beharrezkoa den partida “luzamendurik gabe” lortzeko lanketa egiten segitzen dutela legebiltzarkideekin.
Bestetik, jakinarazi zuten, zapatuan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bat egin zuela osasun publikoaren eta kalitatezkoaren alde egin ziren manifestazioekin. Uste dute hori bermatzeko bidea dela “orain arte egindako pribatizazioak geldiaraztea eta itzultzea eta neurriak hartzea osasun-sistema publikoa, kalitatezkoa eta integrala sustatu eta indartzeko”.
Azkenik, bankuen eta energia-enpresa handi batzuen jokabidea salatu zuten. Azpimarratu zutenez, haiek irabazi izugarrizkoak izan dituzten arren, gobernuak ezarritako zerga ordaintzearen kontra agertu dira modu “lotsagabean”.
Tartean, Josu Jon Imaz nabarmendu zuten, “Repsoleko kontseilari delegatua eta Repsol bezalako enpresa pribatu garrantzitsu batera jauzi egin aurretik Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu” izan zena. Hari buruz, adierazi zuten “iaz "ofizialki" 2,3 milioi euro kobratu” zituela, “LGS Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren pareko diru-sarrera duten 152 langile edo pentsiodunen soldataren baliokidea 14 ordainsaritan (15.120 euro urtean), eta, harropuzkeria guztiarekin” dioela “EAEko garapen industrialean eta enpleguan kezkatuta eta interesatuta dagoela”.