Olabarrena: “Egurrezko pasarela edo zubi bat zuen, gainetik pasatzeko”
Olabarrena presari dagokionez, Morazak esplikatu zuenez, XVI. Mendearen hasieran eraiki zuten eta “irin eta burdin errota batentzako” erabiltzen zen. “Aurkitu ditugu aipamenak lihoa txikitzeko errota eta barrenarenak ere, zeinetan arkabuzak eta kainoiak egiten zituzten”. Elementu arraro gisa, “egurrezko pasarela edo zubi bat” nabarmendu zuen, “gainetik pasatzeko” erabiltzen zena. Jabetzari dagokionez, 1848 inguruan Estatuak erosi zuen Erret Arma Fabrikarekin batera eta XX. Mendean, berriz, Eibarko Orbea lantegiak eskuratu zuen, metro batzuk beherago Mendiolako presa zeritzona eraiki ostean (gaur egun eraitsia dago) “sortu ziren arazoak bideratzeko”. Gaur egun ikusten den presa, XIX. mendean eraikia da.
Igarate (Malmero): “Badakigu XIV. Mendean bazegoela egurrezko presa bat”
Igarateko presari dagokionez, Olabarrenako presaren antzekoa zela aipatu zuen, “pixkat luzeagoa, estuagoa eta alturaz txikiagoa eta aurrekoan bezala, ez dauka inon elementurik berari lotuta. Bakarrik mantentzen du aurreko presaren zimenduen arrasto bat (Batzokiaren aldeko ertzean)”. Kasu honetan presaren aipamenak zaharragoan dira “badakigu XIV. Mendean bazegoela egurrezko presa bat eta gerora, presa guztiekin gertatzen den moduan, harrizkoa eraiki zen. Seguraxki, egurrezko errota goraxeago egongo da. Posible da hor egotea edo igual ez, dena txikituta dagoelako”. XVI. Mendean, Igaretako presak zuen funtzioa Olabarrenakoaren berbera zen: “Irin errota batentzako erabiltzen zuten eta gerora lihoarentzako, barrena moduan, erabiltzeko egokitu zuten”. Azkenik, XIX. mendearen amaieran, “Galarragatarrek erosi zutenean, presa eta errota birmoldatu zituzten zentral elektrikoa eraikitzeko”. Hain zuzen, gaur eguneko presak duen itxura XIX. mendekoa da.
Olea: “1895ean eraiki zuten alberditarrek”
Morazak azaldu zuenez, Oleako presa txikiagoa da, “zabaleran hiru bat metro eta gaur egun altuera askoz txikiagoa da originala baino, lehenago altura doblea izango zuen baina 2002an zubia egin zutenean, arriskua saihesteagatik, murriztu zuten erdira, lau metrotik bi metrotara”. Beste presek bezala, honek ere ez du beste elementurik. Presa eraikitzen XIX. mende hasieran, 1931n, hasi baziren ere, eraikuntza lanak hasi eta hiru urtez jarraian “izugarrizko uholdeak” izan ziren; “eraikitzen zuten guztia urak eroaten zuen, gerra Karlistekin ere koinziditu zuen eta jabeari dirua amaitu zitzaionean, bere horretan utzi zuten”. Handik hamarkada batzuetara, 1895ean, alberditarrek eraiki zuten presa, aurretik zeuden oinarrien gainean. Beraz, gaur egun ikusten den presa XIX. mende amaierakoa da. Dirudienez, aurretik inguru horretan bazen burdin ola bat, inguruari izena ematen diona “Ola”, baina presak ez dauka zerikusirik harekin.