Blues Hotsak jaialdia

Whitmanen poesiaren eta Txomin Artolaren doinuen «oihartzuna eta segida»

Ander Gomez 2023ko aza. 15a, 18:00

Barikuan, Jon Gurrutxaga musikari elgoibartarra eta Txominen seme Urbil Artola buru dituen Belar Hostoak proiektuak eman zion hasiera Blues Hotsak jaialdiari. Argazki-sortan ikusgai kontzertuko irudiak, Juan Fernandez argazkilari plazentziatarraren eskutik (IG: @juan.fconde).

Hurrengo kontzertuak eta bestelako ekitaldiak azaroaren 22tik 26ra bitartean izango dira, denak Antzokian.

Pasa den barikuan, 50 lagunetik gora gerturatu ziren Antzokira, Jon Gurrutxagak kontzertu hasieran aurkeztu bezala, 78ko Belar Hostoak diskoaren berrinterpretazio hutsa baino, «Whitmanen poesiaren eta Txomin Artolaren doinuen oihartzuna eta segida» entzutera.

Musikari fin eta multi-instrumentistek hartu zuten Antzokiko taulagaina, eta lan dezente izan zuten kontzertuan zehar bata bestearekin instrumentuak trukatzen, edota berriak ateratzen oihal ostetik: Antxon Sarasua teklatuan, eskusoinuan eta baxuan aritu zen; Dani Venegas gitarretan eta mandolinan; proiektuaren ahots Jon Gurrutxaga gitarran, baxuan, shruti boxean...; eta proiektuaren "arima" Urbil Artola —gitarra akustikoaz eta whistle irlandar txistuaz aparte— lap steel gitarran aritu zen batik bat, Hawaiin sortutako gitarra "etzana" jotzeko modalitate berezian. Andoni Etxebestek ezin etorri eta Karlos Aranzegi perkusionista tolosarrak ordezkatu zuen baterian.

Artolak kontzertu ostean azaldu zuenez, emanaldia osatzeko moldaketa batzuk egin behar izan zituzten, diskoak «zazpi abesti eskas dituelako» eta hori «kontzertu baten errepertorioa betetzeko urri delako». Kanta bakoitzaren aurretik instrumentalak jo zituzten eta, haien gainetik, Whitmanen poesia errezitatzen zuen Gurrutxagak. «Olerki horiek "berriak", aitak euskaratu eta kantatutakoez apartekoak» direla esplikatu zuen Artolak, baina hitzek zerikusia dutela jarraian jotzen dituzten abestiekin eta horrek «lotura antzeko bat» sortzen duela ikuskizun osoan zehar.


Plaentxia.eus-ek zozkatutako sarrera bikoitzen irabazleak. Argazkia: Ander Gomez.

Gurrutxaga, bere aldetik, eskertuta agertu zen «halako kartela zabaltzearen pribilegioa izatearren» eta hain gertu duen «Plaentxian bertan Belar Hostoak proiektua aurkezteko aukera izanagatik».

Hurrengo hitzordua gaur zortzi

Blues Hotsak jaialdiko hurrengo ekitaldia azaroaren 22an izango da eta Gurrutxaga bera izango da protagonista berriz ere, bakarra kasu honetan, bere Rory Gallagher: Leialtasuna eta Kemena liburua aurkezten.

Sarrera doakoa izango da eta bertaratutakoek liburuaren ale bat jasoko dute debalde.