Tornideco S.L. enpresak bukatu du Soraluzen 1994an abiatu zuen jarduera. Lantegia eskualdatu egin dute eta Eibarko enpresa batek erosi; hori horrela, aurrerantzean, haren baitan segituko du lanean.
Eskualdaketa egiteaz batera, joan den astetik, fabrikako makinak ateratzen ari dira Eibarrera eramateko. Gaur ere horretan dihardute goizean goizetik. Makina handietako bat atera nahian dabiltza eta ez dakite noiz lortuko duten ateratzea.
Azken urteotan, Tornidecon bakarrik hiru langile zebiltzan lanean, administraziokoa barne. Enpresak 1994an abiarazi zuen jarduera, torlojugintza, dekoletajea… mekanizatuak eginez, oro har. Azken urteotan, baina, krisialdiaren eraginez, jarduera gutxitzen joan zaio eta azkenean eskualdatu egin behar izan dute.